Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak eta Athletic Fundazioak korridoreko futbola ekimenaren edizio berria jokatu dute. Ekimen honi esker zentroko haurrentzako errehabilitazio-gimnasioa jolas-, kirol- eta ilusio-gune bihurtu da tratamenduan dauden umeentzat eta euren familientzat.
Jarduerak Haurren Errehabilitazio Zerbitzura joaten ohi diren adingabeak, osasun-profesionalak eta Athletic Clubeko jokalariak, gizonezkoak eta emakumezkoak, bildu ditu, eta parte-hartzaileekin paseak, lasterketak eta golak partekatu dituzte giro lasaian eta hurbilean. Jardunaldia hainbat jolas-tartetan egin da eta familiak pixkanaka sartzea ahalbidetu da, betiere adingabe bakoitzaren beharretara egokituz.

Ekimen honen helburua pediatriako osasun-arreta humanizatzen laguntzea da, umeei esperientzia positiboa eskainiz tratamenduei eta ospitaleko egonaldiari lotutako antsietatea eta estresa murrizten laguntzeko. Ospitale batera egin behar diren bisitek eta ospitaleratzeek familiaren errutina hausten dute normalean, eta kezka, beldurra edo ziurgabetasuna sor dezakete; korridoreko futbola bezalako ekintzek osasun-ingurunean normaltasun, dibertimendu eta ongizate emozionaleko uneak sortzea bilatzen dute.
Partida amaitu ondoren Athleticeko jokalariek hurbilagoko denbora partekatu dute adingabeekin, autografoak sinatuz, argazkiak ateraz eta opari txikiak emanez. Jardunaldia osatzeko bisitak egin dituzte Pediatria eta Umeen Onkologiako solairuetan eta kirolariek banan-banan artatu dituzte gimnasiora joaterik izan ez duten haurrak.

Ekintza hau Ezkerraldea Enkarterri Gurutzea ESIren eta Athletic Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan sartzen da. Hitzarmen hau 2016tik dago indarrean eta urteetan zehar umeen ospitale-esperientzia hobetzeko hainbat ekimen garatzea ahalbidetu du. Horien artean nabarmentzekoak dira Athleticeko jokalarien, gizonezkoen eta emakumezkoen, aldizkako bisitak, klubeko kamisetak pediatriako pazienteentzat ospitaleko mantal bihurtzea, jaioberriei adur-zapiak ematea edo Pediatriako Larrialdiak kustomizatzea.
Korridoreko futbolaren edizio berri honekin Osakidetzak eta Athletic Fundazioak berretsi egiten dute haurtzaroarekin, osasunarekin eta kirolak ongizaterako, laguntzarako eta eraldaketa sozialerako tresna gisa dituen balioekin duten konpromisoa.


