Osakidetzako Basurtuko eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetako unitateek, gainera, helduen eremuko ziurtapena lortu dute.

Ziurtapenak, bada, osasun-zentroan hesteetako gaixotasun inflamatorioa (HGI) duten edozein adinetako pazienteak bikaintasunez tratatzen direla egiaztatzen du.

HGI duten 1.400 heldu baino gehiago eta 40 haur tratatzen ditu urtean Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak.

Gaur goizean, Crohn-en gaixotasuneko eta kolitis ultzeraduneko Espainiako lantaldeko (GETECCU) presidente Manuel Barreiro doktoreak bikaintasun-ziurtapena eman die ospitaleko haurren eta helduen eremuetan hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteei arreta integrala ematen dieten unitateetako arduradunei.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea da aitorpen bikoitza duen estatuko ospitale bakarra. Horrek adierazten du, bada, osasun-zentroan bikaintasunez tratatzen direla hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten edozer adinetako pazienteak.

Gainera, Osakidetzako Basurtuko eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetako unitateek helduen eremuko ziurtapena lortu dute. Horrek Osasun Saila eta Osakidetza aurrera egiten eta euskal herritarren osasuna eta ongizatea hobetzen laguntzen ari direla, beren profesionalen lanari esker, islatzen du.

Estatuko 43 unitatek lortu dute ziurtapena: helduen 40 unitatek eta haurren hiruk. Ziurtapena lortu duten beste bi unitate pediatrikoak Bartzelonako Sant Joan de Déu Ospitalea eta Madrilgo Niño Jesús Haurren Unibertsitate Ospitalea dira.

Crohn-en gaixotasuneko eta kolitis ultzeraduneko Espainiako lantaldeak hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteen arreta integraleko unitateen ziurtapen-programa garatzen eta bultzatzen du, eta hortik sortu da aitorpen hau. Emandako asistentziaren kalitatea modu objektibo eta sistematizatuan aztertzea du helburu aipatuko programak, eta hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteak artatzeko lanean unitateek egiten duten lanaren aitorpen gorena da estatuan, bai eta erreferentea ere eskualde eta nazioarte mailan.

Aitorpena lortzeko, kanpoko auditoretza independente bat gainditu dute ospitaleko hesteetako gaixotasun inflamatorioko unitateek, Bureau Veritasek egina. Erakunde horrek, bada, GETECCUk zehaztutako 53 kalitate-adierazle ebaluatu dituzte, unitateek jorratzen dituzten alderdi guztien ingurukoak: erizaintza, kirurgia, asistentzia-protokoloak, ikerketa, ekoizpen zientifikoa eta prestakuntza, besteak beste.

HGIko haurren unitateko arduradun Iñaki Irastorza doktorearen hitzetan: «Ziurtapenak unitateek bitarteko terapeutiko egokiak garatzea sustatzeko egiten duten ahalegina saritzen du. Horren barruan sartzen da ere ikerketa, maila guztietakoa: oinarrizkoa, esperimentala, klinikoa eta epidemiologikoa.» Gainera, HGIko helduen unitateko arduradun Olga Merino doktoreak nabarmendu duenez: «Ziurtapen honek aitortu egiten gaitu, bai eta bereizi ere, bermatzen baitu hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteei arreta homogeneoa eta bikaina ematen diegula. Gure erakundeak kudeaketa kliniko onarekin duen konpromisoaren froga da».

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak 1.400 paziente baino gehiago tratatzen ditu urtean HGIko helduen unitatean, eta 40 paziente HGIko haurren unitatean.

Hesteetako gaixotasun inflamatorioa

Hesteetako gaixotasun inflamatorioak zenbait gaixotasun kroniko hartzen ditu. Horietan, bada, inflamazio anormala gertatzen da digestio-hodian, eta horrek ondorio hauek ditu bai helduetan bai haurretan: beherakoa, odola eta mukia eginkarietan, goragaleak eta gorakoa, sukarra, pisua galtzea, nekea eta abar.

Irastorza doktoreak adierazten duen bezala, pediatria-adinekoen funtsezko ezberdintasuna da «hezurren hazkundearen eta mineralizazioaren kaltea iraunkorra» izan daitekeela. «Diagnostikoa atzeratzearen edo gaixotasuna ez kontrolatzearen ondorioak dira altueraren galera iraunkorra eta hezurren gaixotasun metaboliko goiztiarrerako arriskua. Gainera, haurraren edo nerabearen sozializazioaren gaineko efektua handiagoa da, eskola-jarduerari eragiten baitio».

HGIri buruz hitz egiten dugunean, oro har, bi patologiari egiten diegu erreferentzia: kolitis ultzeradunari eta Crohn-en gaixotasunari. Biak ala biak gaixotasun kronikoak dira, ez dute berez sendatzeko joera, eta agerraldiak (fase aktiboak) eta erremisio-aldiak (fase inaktiboak) izaten dituzte txandan-txandan. Gaur egungo tratamendu medikoen helburuak jarduera inflamatorioa ezabatzea, eragindako lesioak desagertzea lortzea eta erremisio klinikoari eustea dira.

HGI sendatu ezin badaiteke ere, eskura ditugun tratamenduei esker, gaixotasuna behar bezala kontrolatzen da kasu gehienetan. HGI diagnostikatu zaion pertsona batek hori ez duen pertsona baten bizi-pronostiko bera du. «Egon badaude kasu oso konplexuak, kudeatzeko zailak; baina, zorionez, ez dira ohikoak», Merino doktoreak baieztatu duenez.

Oinarri immunologikoko beste gaixotasun batzuetan gertatzen den bezala, HGIren intzidentzia eta prebalentzia handitzen ari dira herrialde garatuetan azken hamarkadetan. Gaur egun, Europan, kolitis ultzeraduneko 5-12 kasu urtean 100.000 biztanleko, eta Crohn-en gaixotasuneko 3,5-9,5 kasu urtean 100.000 biztanleko. Estatuan, hamarkoiztu egin da intzidentzia hori azken 25 urteetan eta, gaur egun, 2.000 kasu inguru berri detektatzen dira urtean –alegia, % 2,5eko hazkundea urtean–.

Gaixotasunaren pronostikoa hobetzeko, garrantzitsua da diagnostiko goiztiarra, hesteetako edozein mailatako inflamazioak kalte itzulezinak eragiten baititu hesteetan denborarekin. Hori dela eta, ezin garrantzitsuagoa da diziplina anitzeko unitate espezializatuetan jarraipena egitea, esaterako, Gurutzetako, Basurtuko eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetakoetan. Horietan, bada, gaixotasuna behar bezala kontrolatzeko behar diren gomendio guztiak ematen dituzte.