Minbizia diagnostikatuta duten haurrentzat, baliteke erradioterapia esperientzia ezezaguna eta kezkagarria izatea. Horregatik, proiektu honen xedea da haurrek antsietate txikiagoa izatea tratamendu-saioak jasotzera joaten direnean. Gaixotasunak eta tratamenduak pazienteei eta beren familiei eragiten dizkieten ondorio kaltegarriak galaraztea da «I am Ready» egitasmoaren helburua. Nixi for Children eta The Ricky Rubio Foundation erakundeek sortu dute, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean abiarazi da, fundazioaren eta ospitalearen arteko hitzarmen bati esker.

Abian den proiektuaren aurkezpenean izan dira Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari gerente Maria Luz Marqués, The Ricky Rubio Foundationeko manager Josep Heredia eta Nixi for Childreneko CEO Tomas Lóbez.

Erradioterapiako tratamenduekin paziente pediatrikoek pairatzen dituzten antsietate-egoerak eta antzeko nahasmenduak saihestea da helburua, prestatzeko errealitate birtualeko esperientzia baten bidez. Esperientzia horrek 360º irudi errealak eta 3D animazioko pertsonaia bat (Nixi) konbinatzen ditu.  Paziente pediatrikoak, erradioterapia jasotzen dutenean, bakar-bakarrik egoten dira. Hori dela eta, oso ohikoa da sedazioa jaso behar izatea. Hala ere, haur txikienekin sedazioa saihets daiteke, eta hori da, hain zuzen ere, «I am Ready»k lortu nahi duena.

Haurrek eta beren senideek beldurrik ez badute, Nixi for Childrenek sortutako errealitate birtualeko esperientziek naturalago bihur dezakete erradioterapia-prozesua. Hauxe dio Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erradioterapia Zerbitzuko Elsira Bóveda doktoreak: «Haur txiki-txikiek ez dute laguntzeko modurik eta horiekin sedazioa erabili behar duzu nahitaez, baina lau urtetik gorako haurrek badakite geldirik egoten eta jolasten. Proiektu honek sedazio gutxiago erabiltzen lagunduko du».

Erradioterapia-aretoaren irudi birtuala

Proiektu honetako elementu guztiak boluntarioen laguntzaz diseinatu dira (pazienteak, paziente ohiak, familiak, Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuko profesionalak eta bestelako profesionalak). Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearen azeleratzaile linealaren aretoaren antza duten instalazioetan grabatu da bideoa.  Errealitate birtualeko bideoari esker, pazienteak ikusiko du tratamenduak zertan datzan eta, horri esker, konfiantza izango du eta lasaiago egingo dio aurre tratamenduari.

Bestalde, Alba González doktoreak beste hau esan du: «ideia da haurra panpinarekin dagoenean gai medikoa irudika dezala nolabait. Hasieran, xedea da haurrek ospitalea ezagutzea eta bideoan ikusten ari diren panpinak eskutik heltzea. Tratamendua hasi aurretik egiten den kontsultan ematen diegun kitak horretan laguntzen du». Kit horretan dago Nixi, esperientzian lagun izango duten panpina. Gainera, mugikorra jartzeko 3D betaurrekoak ematen zaizkie. Halaber, ospitaleko elementuak margotzeko liburuxka bat dago: medikua, espazioa, azeleragailu lineala eta tratamendu amaieran betetzeko ausardia-egiaztagiria. Bideoa etxean ikusteko moduari buruzko jarraibideak ere aurkituko dituzte: QR kode baten bitartez bideoa mugikorrean deskargatzea, mugikorra betaurrekoetan jartzea eta Nixi 3D-an ikustea tratamenduko eremua erakusten.

Proiektua 4 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago. Erradioterapia zerbitzuan urtean adin-tarte horretako 20 haur inguru tratatzen dituzte. 4-6 astez haurra egunero joan behar da erradioterapia-tratamendua jasotzera. Ildo horretan, funtsezkoa da tratamenduaren aurretik prestatzea haurrek antsietaterik edo beldurrik ez izateko. Proiektua martxoan abiarazi zen. Prestatutako kitak paziente txikietan ez ezik, horien familian ere eragina izatea espero da, bereziki, pazienteen anai-arrebetan, prozesua lasaiago bizi dezaten.  Elsira Bóveda doktorearen hitzetan: «Familiak asko sufritzen du haurra hemen dagoenean. Makina nolakoa den azaltzen diezu lasaiago egon daitezen. Eta laguntzen die, batez ere, anai-arrebei, ez baitute jakiten zer egiten zaion bere anai-arrebari tratamendua jasotzera datorrenean. Onura egiten die».

Beste behin, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren eta Osakidetzaren erronka pazientea aintzat hartzea izan da, humanizazioan aurrerapausoak emateko. The Ricky Rubio Foundationek (TRRF) egin duen apustuarekin batera, posible izan da bi erakundeen arteko elkarlana, zeina pazienteen arreta humanizatzen gauzatu den.