Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak jarduera klinikoari balioa emateko darabilen estrategia aitortu dute, eta saritu egin dute emaitzarik onenak lortzen dituen zentroetako bat bezala IQVIAk antolatutako Top Value sarien martxoaren 25eko lehen edizioan. Top Valuek ebaluazio sanitarioko eredu berri bat ematen du, laguntzaren balioan oinarritutakoa (Value Based Healthcare), mundu osoko ebaluazio-joera berriekin bat etorriz.
Balioan Oinarritutako Medikuntzaren ebaluazioaren (VBHC) egoera berri horretan, zenbait kontzeptuk indarra hartzen dute, osasun-arazo zehatzen ebaluazioak, asistentziaren egokitzapenak eta pazientea erdigunean benetan jartzeak, besteak beste. Eredu horren oinarrian dago pazienteek ere parte hartzea estrategia terapeutikoen erabakian, edo pazienteek, emaitza garrantzitsuak neurtzeko tresnen bidez (PROM), zuzenean emandako osasun-emaitzak neurtzea. Eredu horrek, izan ere, kuantifikatu nahi du sistemak emaitzei dagokienez zer ekarpen egiten duen kostuko unitateko.
Beste 3 zentro hauek ere saritu dituzte: Madrid Quirón campusa (honako hauek osatuta: Villalbako Ospitale Orokorra, Fundación Jiménez Díaz Unibertsitate Ospitalea, Infanta Elena Unibertsitate Ospitalea eta Juan Carlos Erregea Unibertsitate Ospitalea), Vall D’Hebron Unibertsitate Ospitalea eta Bartzelonako Parc Salut Mar. Lau saridunak Katalunia, Madrid eta Euskadiko autonomia-erkidegoetakoak izan ziren.
IQVIAk egindako Value Based Healthcare ereduaren oinarrizko bost alderdiei erreparatuta eginiko azterketaren ondoren hautatu dituzte ospitale sarituak:
1. Balioari buruzko orientazio estrategikoa
2. Balio-ereduen egokitzapena
3. Praktika klinikoen egokitzapena
4. Emaitza garrantzitsuen neurketa
5. Balioaren finantzaketa
Balioa neurtzen aitzindari diren 25 erakundek parte hartu zuten, guztira, beren borondatez: 10 irakaskuntza-ospitale handik, erreferentziako espezialitateak dituzten 12 ospitalek eta 3 ospitale pribatuk.
Osakidetzaren estrategia
Osakidetzaren 2021-2024 aldirako Esparru Estrategikoan pertsonak ardatz dituen osasun-sistemari eusteko jasotako estrategietako bat da Balioan Oinarritutako Medikuntza (VBHC) sistema bat ezartzea. Osasun-sistemak lortzen ari garen osasun-emaitzak balioesteko ardura du, besteak beste, eta herritarrei ahalik eta balio handiena emateko hartu behar diren neurriak hartzeko betebeharra. Osasunaren arloko ekintza pertsonetan izaten ari den inpaktua ezagutu behar da, eta haiekin baieztatu espero ziren osasun-emaitzak lortu direla. Inpaktu hori ezagutzeko oinarria hau da: nazioarteko estandar abalatuak eta emaitza horiek zorroztasunez neurtzeko aukera ematen duen metodologia.
IQVIA
IQVIA (NYSE:IQV) osasunaren sektorerako informazio-zerbitzuen, irtenbide teknologikoen eta ikerketa klinikoaren hornitzaile lider bat da munduan. IQVIA CORE™-k bultzatuta, IQVIAk informazio bakarra eta praktikoa eskaintzen du bere azterketa-gaitasunari, teknologia eraldatzeari eta esperientzia zabalari esker. IMS Health eta Quintiles enpresek bat eginda sortu zen IQVIA, eta 67.000 langile inguru ditu munduan.