Gainera, beste kategoria batean finalista izan da: Konplexutasun Handiko Ospitale onenarenean.

Best in Class 2024 lehiaketako irabazleen izenak atzo eman ziren ezagutzera, Madrilen egindako ekitaldi batean. Sari horiek Lehen Mailako Arretako Osasun Zentro onena, Ospitale onena eta Estatuko Zerbitzu eta Unitate onenak, publikoak zein pribatuak, aintzatesten dituzte, pazienteei ematen dieten arretan bikaintasuna bilatzen dutenak.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa hainbat kategoriatan aintzatetsita izan da. Hala, aurtengo edizioan, Neurologiako Espezialitate Onenaren saria jaso du, eta Konplexutasun Handiko Ospitale Onenarenean finalista izan da.

Hau da Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Neurologia Zerbitzuak jasotzen duen lehen Best in Class saria. 27 neurologok eta erizaintzako talde oso baliotsuak osatzen dute, eta pazienteei zainketa onenak emateko konpromisoa dute. Zerbitzu horrek neurologia orokorreko oso arreta eskuragarria eskaintzen die herritarrei, astean 32 kontsulta egiten baititu lau anbulatoriotan, eta horrek bermatzen du espezialitate horretako gaixotasunak goiz detektatzea.

Halaber, Neurologia Zerbitzuak arreta oso espezializatua eskaintzen du, superespezialitate neurologiko guztiak barne hartzen dituena: gaixotasun neuromuskularrak, neuroimmunologia eta esklerosi anizkoitza, narriadura kognitiboa, Down sindromea, neuroftalmologia, Iktus unitatea eta gaixotasun zerebrobaskularrak, ataxia eta paraparesia espastikoa, loaren gaixotasunak, Disautonomia laborategia eta Huntington-en gaixotasuna. Gainera, Osasun Sistema Nazionaleko Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitateen akreditazioa du epilepsia erregogorraren tratamendurako, epilepsiaren kirurgiarako eta mugimendu-nahasmenduen kirurgiarako.

Gaur egun, orain dela gutxi hasitako proiektu batzuk finkatu dira eguneroko asistentzia-praktikan, hala nola Neuroimmunologiako Unitatean prozesu asistentziala birdiseinatzea Design Thinking metodologiaren bidez, Down-en sindromea duten pazienteentzako kontsulta espezializatu bat, eta funtsezko dardara tratatzeko HIFU ekipoa instalatzea. Gainera, 2023aren amaieran, Iktus Unitateak ESO Stroke Centre egiaztagiria jaso zuen, Iktuserako Europako Erakundeak (European Stroke Organization – ESO) emana. Aitorpen hori asistentzia-kalitateko estandar zorrotzenak betetzen dituztela egiaztatzen duten Europako Iktus unitateek lortzen dute.

Finalista bost kategoriatan

Gainera, Osakidetzak beste Best in Class sari bat jaso du, Arabako ESIak Lo Espezialitate Onena. Horrez gain, Osakidetza finalista izan da beste bost kategoriatan: Ezkerralde- Enkarterri-Gurutzetako ESIa eta Barrualde-Galdakaoko ESIa, Konplexutasun Handiko Ospitale Onenaren kategorian; Barrualde-Galdakaoko ESIa, Osasun Zentroko Lehen Mailako Arretaren kategorian eta Humanizazio Proiektu Onenaren kategorian; Bilbo-Basurtoko ESIa eta Barrualde-Galdakaoko ESIa, Eskizofreniako Espezialitate Onenaren kategorian; eta, azkenik, Bilbo-Basurtoko ESIa, Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Espezialitate Onenaren kategorian.

Best in Class sariak Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Berrikuntza eta Kudeaketa Sanitarioko Katedrak eta Gaceta Médica argitalpen espezializatuak sustatutako ekimena da.

 

Noticia anteriorKomunikazio onenaren saria Dermatologiako Egoiliarren Estatuko XVIII. Biltzarrean
Noticia siguiente2024ko AZAROAREN 20a: Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoaren Eguna (BGBK)