Pasa den astean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Belaun Unitateko taldeak, Jose Antonio Guerrero doktorea buru zela, Estatuan lehen aldiz, robotaz lagundutako belauneko protesi osoko kirurgia egin zuen, Madrilgo Unibertsitate Ospitale Klinikoan kirurgia antzeko bat egiten zen bitartean. EEG ESIak eta robotaren jabe den enpresak, haren ebaluazio klinikoa egiteko, urtebeterako hitzartu duten lagapenari esker egin ahal izan da ebakuntza.
74 urteko paziente bati egin diote ebakuntza; artrosia zuen eskuineko belauneko hiru konpartimentuetan. Hainbat tratamendu probatu arren, adibidez, fisioterapia eta azido hialuroniko eta antiinflamatorioen infiltrazioak, azken urteetan ezin izan zaio arindu oinazea.
Kirurgia mota horretan tresna robotikoak erabiltzea aurrerapen handia da, bere garaian urologian izan zen bezala. Teknika berriarekin, belauneko protesiarekin pozik ez dauden pazienteen ehunekoak (% 20) behera egingo du. Izan ere, robot bidezko laguntzak abantaila asko eskaintzen ditu.
Ebakiak zehatzagoak dira, eta prozedura kirurgikoa pertsonalizatu daiteke, paziente bakoitzaren morfotipoaren arabera. Gainera, denbora errealean kontrolatu eta neurtu daiteke belaunak aldakarekin eta orkatilarekin duen lerrokatzea, baita lotailuen tentsioa ere, hala tolestuta nola luzatuta.
Era berean, prozedura kirurgikoaren trazagarritasuna aipatu behar da, emaitza balekoa ez denean, ebakuntzan egin diren urratsetako bakoitza berrikusi daitekeelako. Horrenbestez, irakaskuntza-tresna apartekoa da mediku egoiliarrentzat, protesi-inplantea orientatzera bideratuta hartzen diren erabaki guztiak objektibatzeko aukera ematen duenez.
Robota gai da kirurgia aurreko prozesua zehatz eta zorrotz aztertzeko, ebakuntza aurretik belauna 3Dn inprimatzen delako. Teknologia berriari esker, zirujauak ordenagailuan probatu dezake egin behar duen ebakuntza, ebakuntzan bertan ager litezkeen zailtasunak aurreikusi eta prebenitzeko.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean erabili ohi den inplantea erabili da aipatu kirurgian. Robotaz lagundutako ebakuntzarekin eta ebakuntza aurretik belauna 3Dn inprimatzearekin, ospitalea erreferentea da estatuan, behinik behin kasurik zailenetan edo pertsona gazteetan etorkizunean ohikoa izango den jardunbidean; izan ere, horietan, inplantea egoki kolokatzeak berebiziko garrantzia du, hala protesi gabeko belaunak baino funtzionaltasun txikiagoa ez izateko, nola balio-bizitza luzeagoa izateko. Horrek, jakina, eragina izango du kalitatean eta baldintzatzaile ekonomikoetan, protesiak gutxiagotan berrikusi beharko direlako.
ICHOM Tresna
Kirurgia hobetzeko tresna berri hau mugarria da, baina horrez gain, beste baliabide garrantzitsu bat ere aipatu behar dugu: Belauneko Unitateak ICHOM tresna erabiltzen du, belauneko artrosiaren jarraipena egiteko, prozesu kirurgikoa barne.
Horrek esan nahi du belauneko artrosia duen pazientearen jarraipen estua egingo dela diagnostikotik kirurgia egin eta bi urte igaro arte. Ebaluazio horrek ebakuntzaren emaitzak ebaluatzeko bide emateaz gain, ebakuntzaren unea egokia izan zen egiaztatzeko aukera emango digu. Horretarako, balorazio-eskala funtzional berberak erabiltzen dira, eta, horri esker, alderatzeko eta hobetzeko puntuak bila ditzakegu.
ICHOM tresnak ospitale garrantzitsuak biltzen ditu mundu osoan, eta hainbat espezialitatetako beste prozesu batzuk ere hartzen ditu barne, hala nola begi lausoen ebakuntza edo prostatako minbizia.