Joan den irailean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Europako Batzordeak dohaintzan emandako UVD robot bat jaso zuen, SARS-CoV-2aren aurka borrokatzeko programen barruan.  Europako dohaintza estatu kideei laguntzeko tresna bat da, koronabirusaren hedapenari euts diezaioten, ekipamendu egokien bidez. Robota UVD sistema mugikor bat da, eta, C motako erradiazio ultramorearen bidez, gelen eta gainazalen ingurumen-desinfekzioa egiteko balio du. Gainazalak eskuz desinfektatzeko sistemaren osagarri da.

Mikroorganismo multierresistenteek eragindako eta osasun-laguntzarekin lotutako infekzioak pazientearen heriotza-tasa eta gaixotze-tasa handitzearekin lotzen dira. Garbiketak eta desinfekzioak patogeno horien transmisioa murrizten dute, baina, sarritan, metodologia osagarriak behar izaten dira haien eraginkortasuna hobetzeko, bereziki ospitaleetan.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak aspaldidanik du oinarri kimikoko ingurumen-desinfekziorako sistema bat kirurgiako eremuetarako edo obra ondokorako. Ingurumena deskontaminatzeko sistema berri hau hauetan erabiliko da bereziki: kritikoen eremuetan eta bakterio multierresistenteek kolonizatutako/infektatutako pazienteak dauden eremuetan edo ingurumen-desinfekzio kimikoko sistema aplikatu ezin den tokietan.

C motako erradiazio ultramorearen jarduera mikrobizida bilduriko birusetarako (SARS-CoV-2 barne), bakterio multierresistenteetarako eta onddoetarako frogatu da. UVD robotak erradiazio ultramoreko 8 hodi ditu. Hodi horiek intentsitate handiko erradiazioa igortzen dute uhin ikusezinaren luzeran (C motako ultramorea izenez ezagutzen da), eta goren puntu biozida λ=254 nm da. Ez du ez kristalik, ez hormarik zeharkatzen. Ez da pertsonarik egon behar desinfektatu beharreko eremuen barruan.

Erabilera

Medikuntza Prebentiboko Zerbitzuak erabilera adieraziko du, eta zeladore-talde batek maneiatuko du. UVD robota automatikoki birkokatzen da, eta langile arduradunek aukera dute tableta baten bidez robota urrutitik maneiatu eta zuzentzeko. Gainera, desinfektatu behar diren azalera kritiko guztietan eraginkortasun handieneko distantzia automatikoki programatzen du.

Aretoa eskuz garbitu ondoren (altzariak eta tresneria barne) UVD robotak UV-C erradiazio bidezko desinfekzio-prozesuari ekingo dio; bakterioak deuseztatzeko eraginkortasuna % 99,99koa da. Gelako puntu bakoitza desinfektatzen 3 eta 10 artean ematen ditu. Ingurumen-desinfekzioko prozesuaren iraupena 20 eta 30 minutu artekoa da 25 m2-ko Box estandar bakoitzeko.

Sistema horrek prozesuaren trazabilitatea ahalbidetzen du. Gainera, UVD robotak online txosten bat egiten du eremu bakoitza UV-C bidez desinfektatzeko prozesua amaitu bezain laster.