Josune Goikoetxea gaixotasun infekziosoetako espezialistak aurrera eraman du Gilead Sciences konpainiak sustatutako saiakuntza hori, ospitaleratutako pazienteekin, nola infekziosoen unitatean, hala ZIUan. Gurutzetan 20 paziente baino gehiago erabili dituzte saiakuntzarako, eta Espainiako Estatuko eta Europako beste ospitale batzuekin batera parte hartu du ospitaleak.

Sendagaien Europako Agentziak (EMA, ingelesezko siglengatik) remdesivir birusen aurkakoaren merkaturatzea baimentzea gomendatzen du, Covid-19a duten eta larri dauden pazienteak tratatzeko; izan ere, farmakoak ez dio organismoan erreplikatzen uzten birusari. Halaber, agentziak zehaztu du norentzat dagoen indikatuta sendagaia: pneumonia duten eta oxigeno gehigarria behar duten 12 urtetik gorako pertsonak. Hori dela eta, Covid 19aren tratamendurako agindutako lehen farmako espezifikoa da, pneumonia eduki eta oxigenoterapia behar duten pazienteentzat.

El País egunkariak joan den astean zioen bezala, «EMAren gomendioa, nagusiki, medikamentu horrekin orain arte egindako azterketa handienaren atariko emaitzetan oinarritzen da; New England Journal of Medicine (NEJM) egunkarian argitaratu ziren azterketa horren emaitzak, eta horiekin ondorioztatu zen medikamentu horrekin gaixoak lau egun lehenago suspertzen direla batez beste. EMAren Ameriketako Estatu Batuetako erakunde homologoak, FDAk, maiatzaren hasieran onartu zuen, emergentziaren bidetik, remdesivirra erabiltzea COVID-19a tratatzeko».