Aurreko urteetan lehenengo postua birritan lortu ostean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea finalista geratu da aurten; hala, jarduera klinikoari balioa eransteko duen estrategia aintzatetsi zaio eta IQVIAk antolatutako Top Value sarien 2024ko edizioan emaitza onenak lortu dituen zentroetako bat izan da. Top Value ebaluazio sanitarioko eredu berria eskaintzen duen erreferentea da, asistentziaren balioa oinarritzat hartzen duena (Value Based Healthcare) eta munduan ebaluatzeko dauden joera berriekin bat datorrena.
Bartzelonan izan da topaketa, martxoaren 14an, eta mahai-inguru bat antolatu da “Benetako praktika klinikoan balioa aztertzen” izenburupean, zeinetan Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Bularreko Patologiako arduraduna den Patricia Cobosek hartu baitu parte,.
Balioan oinarritutako medikuntzaren ebaluazioaren bidez (VBHC), erdigunean jartzen dira, besteak beste, kontzeptu hauexek: osasun-arazo zehatzen ebaluazioa, asistentziaren egokitzapena eta benetako paziente-zentrismoa. Halaber, kostuko unitateen arabera neurtzen diren emaitzak aintzat hartuta sistemak zenbateko ekarpena egiten duen kuantifikatzeko helburua duen ereduaren ardatz dira honako hauek: pazienteen baterako parte hartzea estrategia terapeutikoak erabakitzean eta pazienteek, emaitza garrantzitsuak neurtzeko tresnak (PROM) baliatuz, zuzenean jakinarazitako osasun-emaitzen neurria.
Osakidetzaren estrategia:
Ildo horretatik, gogorarazi behar dugu Osakidetzak 2021-2024 aldirako ezarritako esparru estrategikoan jasotako estrategietako bat dela balioan oinarritutako medikuntza-sistema (VBHC), pertsonak erdigunean jartzen dituen sistema izateko helburuarekin. Osasun-sistemaren erantzukizunetako bat da lortzen ari garen osasun-emaitzak ebaluatzea eta herritarrei ahalik eta balio handiena ematen dieten neurriak ezartzea. Beharrezkoa da jakitea osasun-emaitzak zer eragin duen pertsonengan eta haiekin berrestea espero zituzten osasun-emaitzak lortu ote dituzten. Eragin hori ezagutzeko oinarria dira nazioartean bermatutako estandarrak eta emaitza horiek zorrotz neurtzea ahalbidetzen duen metodologia.



