Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak azken belaunaldiko bi ekipamendu berri ditu: Positroi-emisio digitalen bidezko tomografia-aparatu bat (PET, ingelesezko sigletan) eta Gammakamera bat, irudi bidezko diagnostikoaren gaitasuna hobetzeko.

Osasuneko Sailburu Gotzone Sagardui Ospitaleko Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuan izan da gaur goizean, Osakidetzako Zuzendari Nagusi Rosa Perezekin eta ESIko Zuzendari Kudeatzaile Mª Luz Marquesekin batera. Bertan jarri dute ekipamendu berri hori, 4,5 milioi eurotik gorako inbertsioa eginez.

Osasuneko Sailburuak adierazi duen bezala, Arabak eta Gipuzkoak dagoeneko baduten punta-puntako teknologia hori eskuratzea Osakidetzaren ekipamendua berritzeko etengabeko prozesuaren barruan kokatzen da, diagnostikoaren kalitatea, osasun-emaitzak eta pazienteen segurtasuna hobetzeko helburuarekin.

Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuak batez ere paziente onkologikoak artatzen ditu. Horregatik, abangoardiako teknologia digitala izatea oso garrantzitsua da, gaixotasunaren diagnostiko zehatzagoa eta goiztiarragoa egiten laguntzen baitu.

Zehazki, PET digital berriak nabarmen hobetzen du lortutako irudiaren kalitatea, eta horrek aukera ematen du artatutako pertsonen patologia hobeto diagnostikatzeko. Aldi berean, injektatzen den erradiofarmakoaren jarduera % 50era murrizten du, eta horrek irradiazio txikiagoa eragiten du bai pazienteengan bai profesionalengan, probaren denborak murrizteaz gain, erabiltzaileen mesedetan.

Gammakamera, berriz, teknologia aurreratua da hautatutako miaketak egiteko, eta organo eta egitura anatomiko konplexuenei —hala nola bihotza, bizkarrezurra, pelbisa edo garuna— buruzko informazio zehatzagoa lortzeko aukera ematen du.

Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuaren hazkunde garrantzitsua

Azken urteotan, Medikuntza Nuklearreko Zerbitzuak hazkunde handia izan du. 2019an, zerbitzua berregituratzeko eta handitzeko obrak hasi ziren, eta goitik behera birmoldatutako hiru gune sortu ziren: Ohiko Medikuntza Nuklearreko Unitatea, PET-CT Unitatea eta bulegoen eta txosten-gelen eremua. Halaber, paziente eta senideen gelak ere harrera egiteko lekua irabazi zuen.

Gainera, 2020an Terapia Metabolikoaren arlorako isolamendu-gela berriak sortu ziren ospitalizazioko 2. A solairuan, ospitaleratzearen erosotasuna eta larrialdiko arreta medikoa hobetzeko.

Espazioen birmoldaketarekin batera, teknologiaren aldaketari ere ekin zitzaion: 2019an SPECT-TC lehen gammakamerarekin hasi zen eta gaur aurkezten ditugun bigarren PET CT digitalarekin eta bigarren gammakamerarekin (SPECT-TC) jarraitzen du.