Otsailaren 15a Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Haurren Onkologiako langileek ingresatutako haurrekin batera hartu dute parte Aladina Fundazioak eta La Cuadri del Hospi nahiz Aspanovas elkarteek antolatutako ekitaldietan.
Iaz bezala, Aladina Fundazioak ospitaleratutako haurrak, beren familiak eta arreta ematen dieten langileak gonbidatu ditu argazki bat egin dezaten ospitalearen sarreran, buruan zapi bat jantzita, eta sareetan partekatu dezaten #PañueloChallengeAladina traola erabilita. Halaber, urtero bezala, igandean unibertsitate-ospitaleak horiz argituko du eskailera, gaixotasun hori duten haurrak ikusarazteko eta haiei babesa emateko.
La Cuadri del Hospi eta Aspanovas elkarteek bat egin dute egunarekin, eta ilusioz bete dute Haurren Onkologiako Atala, apaingarri bereziak jarri baitituzte.


