Barakaldo Antzokian egin zen atzo Zeu Zara EITB, Barakaldo sariak emateko ekitaldia. Sari horien xedea hauxe da: elkarteek, enpresek, erakundeek zein banakoek hainbat esparrutan (elkartasuna eta lankidetza, enpresa- eta merkataritza-jarduera, ingurumenaren defentsa, besteak beste) eginiko lana ez ezik, udalerriaren aurrerapenaren arloan eginiko ekimen nabarmenenak ere aintzat hartzea.

Hori horrela, eta herritarren bozketaren ondorioz, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzetako ESIko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak saria erdietsi du «Zeu zara gure enpresa» kategoriaren barruan. Sari horrek ospitalea eredugarritzat jotzen du Barakaldorentzat duen esanahiagatik eta garai berrietara egokitzeko ahalmenagatik.

Saria emateko ekitaldian ESIko zuzendari kudeatzaile Santiago Rabanalek errekonozimendua eskertzeaz gain ESIaren helburua nabarmendu ere egin zuen, hau da: «Euskal herritarren osasuna hobetzeko lan egitea, eta osasun-sistemaren zein gizartearen jasangarritasunerako ezagutza eta berrikuntza baliagarriak sortu eta transmititzea».

Halaber, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea «eraldatzen joan den eta espezialitate mediko eta kirurgikoen etengabeko garapena izan duen» zentroa dela eta «teknologia kliniko onena» duela nabarmendu zuen, baita, azken batean, «nazioarteko laguntza espezializatuaren barruko toki nabarmenean» kokatu dela ere.  Hartarako, esan duenez, «gure profesionalen giza balioa funtsezkoa izan da».

Gainera, atzo eginiko ekitaldian bost sari gehiago ere eman zituzten: Zeu Zara Solidarioa, Miranda Fundazioari; Zeu Zara Dendarik Onena, Bide Onera merkataritza-zentroari; Zeu Zara Gure Kutuna, Javier Clementeri; Zeu Zara Ingurumenaren Laguna, Barakaldoko Historia eta Ingurumen Interpretaziorako Zentroari, eta Zeu Zara Gure Enbaxadorea, Barakaldo CF Futbol Taldeari.

Zeu Zara Eitb

Zeu zara Eitb proiektuaren bitartez Eitb taldeak herritarrengana hurbildu nahi du, eta horretarako, informazio hurbilagoa, entretenimendua zein hainbat pertsona, erakunde eta ekimenei eginiko jendaurreko errekonozimendua baliatu nahi ditu, hain zuzen ere. Zehazki, Barakaldoko udalerria hautatu dute proiektua abian jartzeko.