Garuneko erradioterapia estereotaktikoan, HyperArc teknikak aukera ematen du prozedura bakar batean metastasi guztiak banaka eta aldi berean irradiatzeko.

Horrela, irradiazio-denbora murrizten da, garuneko ehun osasuntsuaren toxikotasuna mugatzen da eta pazientearen bizi-kalitatea hobetzen da, luzaroan bizirik dirauten pazienteek narriadura kognitiboa izateko probabilitatea murrizten baita.

Uztail erdialdean erabili genuen teknika hau lehen aldiz ospitalean, biriketako kartzinoma epidermoidearen diagnosia eta garuneko bost metastasi zituen paziente batekin.

HyperArc teknika Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak EAEko erradiokirurgiako erreferentzia-zentro gisa Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuan eskaintzen duen tratamendu-zorrora gehitu da.

Ospitaleko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuak lehen aldiz tratatu ditu garuneko metastasiak garuneko erradioterapia estereotaktikoaren bidez, HyperArc teknika berritzailea erabilita, biriketako kartzinoma epidermoidea eta garuneko bost metastasi zituen paziente batekin.

HyperArc softwareak aukera ematen du prozedura bakar batean metastasi bat baino gehiago irradiatzeko, banaka eta aldi berean. Saio bakar batean hamabost metastasi ere trata daitezke.

Ospitalean tratamendua jaso duen pazienteari hamar minutura ere iritsi ez den saio bakar bat eman zaio. Aldez aurretik, edonola ere, diziplina anitzeko talde batek –neurorradiologoz, erradiofisikariz, onkologo erradioterapeutaz eta erradioterapiako teknikariz osatuak– saioa prestatu du, paziente birtual batekin eta OTAko eta erresonantzia magnetikoko irudiak erabilita.

HyperArc teknika Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuak dituen azeleragailu linealetako batean egiten da; izan ere, teknika hori baliatzeko egokitu da azeleragailua. Horrela, tratamendu sofistikatu eta zehatzak ematen dira eta, horiei esker, garuneko ehun osasuntsuaren toxikotasuna murriztu eta pazientearen bizi-kalitatea hobetzen da, luzaroan bizirik dirauten pazienteek narriadura kognitiboa izateko probabilitatea txikiagotzen baita. Gainera, HyperArcekin eginiko tratamenduetan laburragoa da pazientearen irradiazio-denbora: 15 minutura ere ez da iristen (lehen, bi ordu ere iraun zezakeen).

Orain arte, garuneko metastasia diagnostikatzen zitzaien pazienteekin beste teknika batzuk erabiltzen ziren: garun osoko irradiazioan oinarritutako tratamenduak, erradioterapia holokranialaren bidez; garun osoko irradiazioa bi hipokanpoak babestuta (teknika konplexuagoa da hori); edo, azkenik, erradiokirurgiako tratamenduak, non metastasi bakoitza banaka tratatzen baitzen frameless erradiokirurgiako tekniken bidez (gehienez ere 4 metastasi zituzten pazientekin erabiltzen dira halako teknikak).

HyperArc teknika Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak EAEko erradiokirurgiako erreferentzia-zentro gisa Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuan eskaintzen duen tratamendu-zorrora gehitu da.