Orain arte, arritmia-kontrako tratamendu farmakologikoa, ez-sendagarria, baino ez zen emakume haurdunentzako tratamendu eraginkor bakarra.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Elektrofisiologia eta Arritmien Atalak prozedura hori X izpiak erabili gabe egin du lehen aldiz (kaltegarriak dira kasu horietan), CARTO sistema magnetikoaren bidez.
Sistema horrek informazio elektrofisiologikoa eta espaziala konbinatzen du, eta aukera ematen du interbentzioaren aldea hiru dimentsioko berreraikitze anatomiko batean ikusteko.
Irrati-maiztasun bidezko ablazioa, sendatzeko tratamendu alternatibo bat da, kateter berezi batez egiten dena; hari esker, bisturi bat izango balitz bezala, erre egiten da, edo dira, takikardia eragiten duen puntua, edo puntuak.
Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Elektrofisiologia eta Arritmien Ataleko lantaldeak takikardia baten irrati-maiztasun bidezko lehen ablazio-prozedura egin dio emakume haurdun bati, X izpiak erabili gabe eta CARTO sistema magnetikoaren bitartez.
Irrati-maiztasun bidezko ablazioa takikardiak sendatzeko teknika bat da. Teknika horri esker, kateterismo baten bidez eta X izpiak erabiliz, bihotzaren barnealdean sartuko gara zenbait kateterrekin. Horietako baten bidez takikardia eragiten duen puntua, edo puntuak, erreko da, edo dira. Prozedurak % 95 inguruko eraginkortasuna du takikardia jakin batzuk sendatzeko.
Emakume haurdunei dagokienez, X izpiak eta haien erradiazio ionizatzaileak erabiltzea kaltegarria da fetuarentzat eta emakumearentzat berarentzat; horregatik, orain arte, haurdunaldiko tratamendu eraginkor bakarra arritmia-kontrako tratamendu farmakologikoa zen, ez-sendagarria, baina kaltegarria ere izan daiteke haurdunaldiaren fase batzuetan.
Kasu honetan, ospitaleko Elektrofisiologia eta Arritmien Atalak CARTO sistema magnetikoa erabili du lehen aldiz. Sistema horrek informazio elektrofisiologikoa eta espaziala konbinatzen ditu, eta aldearen hiru dimentsioko berreraikitze anatomikoa egin daiteke hari esker, X izpiak erabili beharrik gabe.
Pazientea haurdunaldiaren 20. astean zegoen, palpitazio mugatzaileen (takikardia) klinika bat zuen, eta ospitaleratu beharra izan zuen zenbaitetan horregatik. Konplikaziorik gabe egin dute prozedura, anestesia lokala erabiliz; kateterrak ezkerreko zain subklabiotik sartu dituzte bihotzaren barnera, eta izterreko eskuineko zainean ziztada bikoitza eginez. CARTO sistema magnetikoaren bidez kateterrak sinu koronarioan, eskuin-aurikulan, His-en balan eta eskuin-bentrikuluan kokatu dira. Pazienteari alta eman diote 24 orduren buruan eta ez du arritmia-kontrako medikaziorik edo bestelako medikazio kardiologikorik behar.


