SMS bidezko informazio-sistema bat da, denbora errealean, familiei mugitzeko askatasun handiagoa eskaintzen diena, analitiken eta agindutako tratamenduen emaitzen zain dauden bitartean 

Farmaprest software bat da, Onkologia Pediatrikoko Eguneko Ospitalearen prozesuan parte hartzen duten pertsona guztien arteko komunikazioak digitalizatzen eta automatizatzen dituena 

Onura nagusia da prozesu luze eta estresagarria eraldatu eta haurrarentzat eta bere familiarentzat eramangarriagoa den esperientzia bat eskaintzen duela

Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, pazienteen eta senideen egonaldia humanizatzeko etengabeko ahaleginean, tresna bat garatu du pediatriako tratamendu onkologikoaren prozesua egin behar dutenen esperientzia optimizatzeko eta hobetzeko. Farmaprest software bat da, Onkologia Pediatrikoko Eguneko Ospitalearen prozesuan inplikatutako pertsona guztien arteko komunikazioak digitalizatzen eta automatizatzen dituena, koordinazioa hobetzeko eta haurrek eta beren familiek mugitzeko askatasun handiagoa izan dezaten, analitiken eta agindutako tratamenduen emaitzen zain dauden bitartean.

Familiek emandako telefono-zenbakira bidalitako SMS baten bidez jakingo dute analitikaren emaitzak ezagutu ondoren noiz joan behar duten medikuaren kontsultara, eta noiz dagoen prest medikazioa Onkologia Pediatrikoko Eguneko Ospitalean jaso ahal izateko.

Eguneko Ospitaleko kontsultetako arreta-prozesua goizeko lehen orduan hasten da: haurrari analitika bat ateratzen zaio, tratamendua jaso aurretik bere osasun-egoera ebaluatzeko. Analitika atera ondoren, adingabeek eta beren senideek emaitzen zain egon behar dute medikuarekin kontsulta egiteko. Hurrengo urratsa, kontsultaren ondoren, medikuek agindutako tratamendua farmazian prestatu arte itxarotea da, Eguneko Ospitalean tratamendua hasi ahal izateko.

Itxaronaldiak prozesuaren beraren parte dira, eta, horregatik, Farmaprestek eskaintzen duen koordinazio automatizatuari esker, denbora horiek optimizatu egiten dira, familiek ordu horiek ospitaletik kanpoko ingurune batean igaro ditzaten.

Horrez gain, analisiaren emaitzei dagokienez, tresnak adierazle garrantzitsuenak nabarmentzen ditu, eta medikuei aukera ematen die haurraren egoera azkar berrikusteko. Emaitzak ontzat eman ondoren, Farmaziari eskatzen zaio haurraren medikazioa prestatu dezala, eta prest dagoenean, Farmaprestek automatikoki abisatzen dio zeladoreen taldeari, tratamendua jaso eta eguneko ospitalera eraman dezaten.

Horregatik guztiagatik, Farmapresten onura nagusia da prozesu luze eta estresagarri hori eraldatu eta paziente pediatriakoentzat eta beren senideentzat eramangarriagoa den esperientzia bat eskaintzen duela.

Noticia anteriorOspitaleak bat egiten du Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin
Noticia siguienteJWC Awards 2025 ekitaldian saritu dute Erredura Handietako Unitateko erizaintzako taldea