Azeleragailu berriari esker zehaztasun handiko tratamenduak egin ahal izango dira, albo-ondorio gutxiagorekin, eta bostehun bat pazienteri eman ahal izango zaie tratamendua urtero.
Erosketa ekipamenduak etengabe berritu eta eguneratzeko prozesu baten barruan egin da, paziente onkologikoen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoarekin.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Jon Darpón Osasuneko sailburua eta José Arnau Amancio Ortega Fundazioko presidenteordea Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean izan dira gaur, erradioterapiarako azken belaunaldiko azeleragailu lineala bisitatzen. Amancio Ortega Fundazioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota zegoen azeleragailua. Horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Amancio Ortega Fundazioak iazko apirilean sinatu zuten lankidetza-hitzarmenean jasotako bost azeleragailuetako bigarrena martxan jarri da (lehenengoa Donostia Unibertsitate Ospitalean instalatu zen uztailean). Gaixotasun onkologikoen diagnostikoa eta tratamendua egiteko Euskadiko osasun-sistema publikoaren ekipamendua hobetzeko 14.700.000 euroko inbertsioa egin da horrela.
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Amancio Ortega Fundazioko presidenteordea Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko instalazio berrietan izan dira, eta onkologia erradioterapikoko zerbitzuko profesionalekin bildu dira, azeleragailu berriak profesionalentzat zein gaixotasun onkologikoak dituzten pazienteentzat izango dituen abantailak eta hobekuntzak zeintzuk izango diren zuzenetik ezagutzeko.
Profesionalekin bildu ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak honako adierazpen hauek egin ditu: «konpromiso irmoa dugu minbiziaren prebentzio eta detekzio goiztiarrarekin. Horren adibide dira datorren hilabetean Araban ere martxan jarriko den umetoki-lepoko minbiziaren populazio-baheketaren programa pilotua edo 2018-2023 aldirako Euskadiko Plan Onkologikoa, dagoeneko garatzen eta abiarazten ari garena».