Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIn kokatua dagoen Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak teknologia berritzaile bat instalatu du neurokirurgiako operazio-gelan. Horren bidez, pazientearen informazio digitala eskuratu daiteke operazio-gelan dauden ekipoak ahotsa bakarrik erabiliz kontrolatuta. Aurrerapen garrantzitsua da asepsia-baldintza bereziki zorrotzak behar dituzten ospitaleko eremuentzat eta medikuntzako gailuentzat, jada ez delako beharrezkoa izango eremu esteriletik irtetea eta, ondorioz, kontaktu bidezko infekzioak prebenituko direlako.
Teknologia erabiltzaile-interfaze naturaletan oinarritzen da, gailu optoelektrikoen laguntzarekin. Hau da, ahots bidezko kontrolaren bitartez sistema edo gailu bat erabili daiteke, informazioa sartzeko bestelako elementurik (saguak, teklatuak, ukimen-pantailak…) erabili behar izan gabe. Gailuak, gainera, ez du instalazio berezirik behar, eta sagu bat edo teklatu bat bezala konektatzen da.
Horrela, lehenik probak egin dira neurokirurgiako operazio-geletan, eta ondoren instalatu egin da. Horretarako, sistema konfiguratu behar izan da bateragarri izan zedin Medtronic software kranialarekin edo Karl Storz multiplexadorearekin –hainbat pantailatan irudi desberdinak bistaratzeko edo guztiak pantaila bakar batean bateratzeko–. Teknologia erabiltzeko prestakuntza jaso behar da eta informazioa eskuratzeko modua ere aldatu behar da. Horregatik landu dugu proiektua TedCas enpresarekin teknologia garatu eta hobetzeko dugun lankidetza-hitzarmenaren esparruan, bai eta ekipamenduari erants diezaiokeen balio erreala aurkitzeko ere.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko neurokirurgiako buru den Iñigo Pomposo doktorearen hitzetan, «operazio-gelan ekipamendu ugari daude eta horiekin komunikatzeko traba bat da uneoro egoera esterilean egon beharra. Sistema honi esker, erosoagoa eta errazagoa izango da komunikazio hori eta, gainera, ez gara beste pertsona baten mende egongo ekipamenduan aginduak tekleatzeko».
Bultzada bat berrikuntza irekiaren ereduari
ESIaren interes orokorreko helburuen artean dago jarduerak sustatzea osasun-zientzien arloko ikerketa, azterlanak eta hedapena egiteko. Horrela, erakundeak ikerketa- eta berrikuntza-eredu ireki baten aldeko apustua egin du, emaitzetara bideratua eta balio praktikoa lortzeko xedearekin (pazientearentzako onura, onura ekonomikoa, onurak prestigioaren arloan).
Zentzu horretan, ESIak hitzarmen bat sinatu du TedCasekin. Osasunaren sektoreko enpresa teknologiko horrek neurokirurgiako operazio-gelan erabiltzen den teknologia garatu du. Hitzarmenaren xedea da komunitate zientifikoan TedCasek garatutako keinu-kontroleko informazio-sistema sustatzea eta ezagutzera ematea eta enpresari probei eta erabilerari buruzko informazioa ematea, garapen eta hobekuntza gehiago sustatzeko.
Horren harira, otsailaren 8an, Denverreko Medtronic enpresako ordezkari batzuk ospitalean izango dira TedCasen sistemaren funtzionamendua operazio batean aurrez aurre ikusi ahal izateko.