Ospitaleak Transfusio Segurtasunaren Sistema bat jarri du abian, akatsak gutxiagotuz eta odol-transfusioaren prozesu guztian trazabilitatea eta efizientzia lortuz, pazientearen segurtasuna hobetzeko. Proiektu horrek, Zuzendariordetza Medikoa, Erizaintzako Zuzendariordetza eta Hematologia eta Hemoterapia Zerbitzua buru dituela, Gricode izeneko sistema erabiltzen du. Erregistro informatizatu eta eramangarri bat da, eta transfusioa egitean tartean dauden osagai guztiak barra-kodeen bidez identifikatzen ditu (profesionala, pazientea, laginak, dokumentuak eta hemoderibatuak).

Sistemak osagai hauek ditu: pazientearen eskumuturrekoa, etiketak barra-kodeekin, Wi-Fi terminalak eta informazio guztia gordetzen duen aplikazio informatiko bat. Gricodek denbora errealean monitorizatzen du transfusio-prozesu guztia, ematen diren urrats guztien erregistro oso eta zehatz baten bidez (Osabide Globalen egiten den transfusio-eskaera, odol-lagina ateratzea, Transfusio Zerbitzuan jasotzea, hemoderibatua ematea eta, azkenik, transfusioa; transfusioaren ondoko balizko erreakzioak edo ondorioak ere jasotzen ditu).

Urte hasieran, fase-pilotu bati eman zitzaion hasiera Erizaintzako 1. E Unitatean (Hematologia eta Onkologia Medikoa). Eta maiatzetik aurrera, sistema ospitale osoan ezartzen hasi da, bi etapa bereiziz:

  • Zerbitzu medikoen transfusio-eskaera elektronikoaren ezarpena
  • Gricode sistema erizaintzako unitateetako bakoitzean ezarpena

Une honetan, eskaera elektronikoa ezarrita dago espezialitate medikoetako zerbitzuetan eta Gricode sistema, berriz, ospitaleratzeko erizaintzaren sei unitatetan. Kirurgia-zerbitzuek eta ospitaleratzeko erizaintzaren gainerako unitateek, bai eta kritikoen unitateek ere, sistema eskura izango dute urtea bukatu aurretik. Bestalde, urtarriletik aurrera beste unitate batzuetara hedatuko da (kirurgia-blokea, Obstetrizia, Pediatria, Larrialdiak, Eguneko ospitalea…).