Osasun Ministerioak minbizi adrenokortikala tratatzeko Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate (CSUR) izendatu du Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, patologia horretarako estatuko lehen deialdian. 

Gregorio Marañón zentroarekin batera, Estatuko erreferentziazko bi zentro bakarrak izango dira gaixotasun hori duten pazienteak tratatzeko. 

Minbizi adrenokortikala (CAC) prebalentzia baxuko gaixotasun endokrinoa da, aldakortasun kliniko handia du eta abordatze integrala eta arreta oso espezializatua eskatzen du. 

Akreditazio honekin, Osakidetzak patologia konplexuak artatzeko konpromisoa irmotzen du eta Estatuko erreferentziazko osasun-sistema gisa sendotzen da.

Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitate (CSUR) izendapena lortu du minbizi adrenokortikala tratatzeko. Gaixotasun endokrinoa da, oso prebalentzia txikikoa, aldakortasun kliniko handia du eta abordatze integrala eta arreta oso espezializatua eskatzen du. Osasun Ministerioak lehen aldiz ireki du minbizi adrenokortikalaren tratamenduan erreferentziazko zentroak akreditatzeko deialdia. Lehen izendapen honetan, bi ospitale bakarrik akreditatu dira: Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, Osakidetzaren sarearen barruan, eta Gregorio Marañón Ospitalea, Madrilen.

Akreditazio horrek aukera ematen du goi-mailako espezializazio diagnostiko edo terapeutikoko arreta eta goi-teknologia behar duten pazienteak artatzeko. Hala, izendapen honek indartu egiten du Osakidetzak patologia konplexuetan eta prebalentzia txikikoetan espezializatutako arretarekin duen konpromisoa.

Paziente eta senideentzako prestakuntza-programa bat abian

Minbizi adrenokortikala (CAC) tumore gaizto bat da, eta guruin suprarrenalen azala erasaten du; guruin hauek organismoarentzat funtsezkoak diren hormonak sortzen dituzte. Bere intzidentzia oso txikia da, urtean milioi bat biztanleko bi kasu baino gutxiago baitaude helduetan, eta are gutxiago haurretan; horregatik, arreta oso espezializatua behar da. Bere konplexutasunagatik, CSUR gisa egiaztatutako ospitaleetan egin behar da CACen abordatzea, diziplina anitzeko taldeak eta baliabide espezializatuak baitituzte ahalik eta arreta onena bermatzeko.

Gaixotasun honek aldakortasun kliniko handia du eta espezialitate anitzen koordinazioa eskatzen du, besteak beste, endokrinologia, onkologia, kirurgia, erradiologia, anatomia patologikoa eta kasuak kudeatzen dituen erizaintza. Testuinguru horretan, Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak arreta integrala eta pertsonalizatua bermatzen duen diziplina anitzeko asistentzia-eredua bultzatu du. Gainera, pazienteei eta senideei zuzendutako berariazko prestakuntza-programa bat jarri da abian. Programa horrek informazio argia eta gaixotasunaren fase bakoitzari egokitua eskaintzen du, mitotano bidezko tratamendua eta gutxiegitasun adrenalaren maneiua barne.

Diagnostikorako, irudi-probak eta azterketa hormonal espezifikoak egin behar dira, tumoreak barreiatzeko arriskua dela-eta biopsia saihesteko. Tratamendu nagusia kirurgikoa da, eta patologia horretan esperientzia duten zentroetan egin behar da. Kasu jakin batzuetan, medikazio espezifikoarekin (mitotanoa, adibidez) eta kimioterapiarekin osatzen da. Kasu askotan, tumoreak gehiegizko hormonak sortzen ditu, eta horrek sintomak eragin ditzake, besteak beste, pisua azkar gehitzea, hipertentsioa, alterazio fisikoak kortisol edo androgeno gehiegi izateagatik, eta sabeleko mina tumorearen tamainagatik. Haurtzaroan, Li-Fraumeni bezalako sindrome genetikoekin lotuta egon daiteke.

Hamaika CSUR akreditazio konplexutasun handiko eremuetan

Akreditazio honekin, Osakidetzak arreta espezializatu handia behar duten Estatu osoko pazienteak ere artatu ahal izango ditu, osasun-baliabide aurreratuenak eskuratzeko ekitatea bermatzearren. Hala, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak hamaika CSUR lortu ditu konplexutasun handiko arloetan eta, hortaz, Osakidetza erreferentziazko osasun-sistema bihurtu da estatu-mailan:

  • Begi-azaleraren berreraikuntza konplexua. Keratoprotesia
  • Mugimenduaren nahasmenduen kirurgia
  • Sortzetiko gaixotasun metabolikoak
  • Epilepsia errefraktarioa
  • Helduaren uretra-berreraikuntza konplexuaren kirurgia
  • Orbita-deskonpresioa tiroide-oftalmopatian
  • Gaixotasun endokrino arraroak helduetan eta haurretan
  • Giltzurruneko transplante pediatrikoa
  • Gaixotasun autoimmuneak eta patologia hipotalamo-hipofisario konplexua
  • Helduen sortzetiko kardiopatietako unitatea
Noticia anteriorTumore Endokrinoen eta Neuroendokrinoen Arloko Diziplina Anitzeko I Eguneratze Ikastaroa eskaini da ospitalean
Noticia siguienteMedikuntza grafikoa izan da nagusi Ospitaleko Berripill saioan