Urdulizeko Alfredo Espinosa Ospitaleak bere eskaintza zabaltzen jarraitzen du, eta oraingoan larrialdi-zerbitzuak batuko zaizkie joan den uztailean inauguratu zenetik Uribe eskualdeko 175.000 bizilagunei eman dizkien zerbitzuei. Bihartik, hau da, maiatzaren 9tik, aurrera, beraz, abian izango da larrialdietako zerbitzua, eta urteko 365 egunetako 24 ordutan egongo da zabalik Arrieta, Bakio, Barrika, Berango, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Getxo, Gorliz, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sopela eta Urdulizeko bizilagunen osasun-premia larriei erantzuteko.
Ospitaleko zerbitzu berria abian jarri aurreko egunean instalazio berrietan izan dira eta zerbitzu berrietan lan egingo duten profesionalekin elkartu dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Osasuneko sailburu Jon Darpón, Osakidetzako zuzendari nagusi María Jesús Múgica eta Urdulizeko alkate Javier Bilbao.
Iñigo Urkulluren esanetan, 38.000 metro koadro dituen eta eskualdeko biztanleei osasun-zerbitzu berriak eskaintzen jarraitzen duen azpiegitura sanitario honek agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak “batetik, Osakidetza zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa izatearen alde eta, bestetik, egunez egun hobetzen eta sendotzen jarraitzearen alde egindako apustua”.