Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, Parkinson-aren Mundu Egunaren harira, Parkinson-en eta Mugimenduaren Nahasmenduen Kirurgiako Unitatearen 25. urteurrena ospatu du; hala, jardunaldi zientifiko bat egin da ekitaldi-aretoan, non askotariko espezialitatetako profesionalak bildu baitira eta hizpide izan baitituzte Osakidetzaren ibilbidea, emaitzak eta terapia aurreratuen etorkizuna. 

Ekitaldian, nabarmendu egin da 1999an sortutako unitatearen metatutako esperientzia, zeina, urteetan zehar, erreferente gisa finkatu baita Parkinson-en gaixotasunari eta mugimenduaren beste nahasmendu batzuei aplikatutako kirurgia funtzionalaren esparruan. Horrez gain, jardunaldian nabarmendu da Parkinson-en kirurgia dela-eta Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitatearen (CSUR) izendapena berriki jaso izana; izan ere, aitorpen horren bitartez berresten dira ospitaleko lantaldearen diziplina anitzeko ikuspegia, bikaintasun asistentziala eta prozeduren konplexutasuna.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurologiako zerbitzuburuak, Alfredo R. Antigüedadek, hasi du ekitaldia, eta testuinguruan jarri du efemeride horren garrantzia, bai eta azpimarratu ere Euskadin kirurgia oso espezializatua garatu eta sendotzeko Osakidetzak izan duen eginkizuna.

Unitatearen historia eta gaur egungo indikazioak

Jardunaldiaren lehen blokean berrikusi dira Parkinson-en eta Mugimenduaren Nahasmenduen Kirurgiako Unitatearen historia eta bilakaera, sortu zenetik gaur egunera arte, eta aztertu da nola aldatu diren indikazio kirurgikoak eta erabili beharreko teknologia. Hauexek jorratu dira atal horretan: Parkinson-en gaixotasunaren indikazio kirurgikoak, dardara esentziala nahiz distonia, eta ebakuntza planteatzeko unerik egokiena.

Teknika kirurgikoak eta tratamendu berritzaileak

Gaur egungo teknikak hizpide izan dituzten saioetan sakontasun handiagoz aztertu ahal izan dira garunaren estimulazio sakona (DBS), horren printzipioak, helmuga kirurgikoak eta bilakaera teknologikoa, bai eta unitateak intentsitate handiko ultrasoinu fokalizatuekin (HIFU) duen esperientzia ere, hain inbaditzailea ez den teknika, zeinari esker terapien aukera zabaltzen baita paziente-profil jakin batzuentzat.

Diziplina anitzeko arreta

Jardunaldiaren ardatz nagusietako bat izan da diziplina anitzeko ikuspegia, mota horretako kirurgiaren ezaugarri nagusia baita. Neurofisiologia, neurorradiologia, anestesia eta erizaintza espezializatuko profesionalek azaldu dute prozedura horien plangintzan, garapenean eta jarraipenean duten zeregina, hala nola ebakuntza barneko mikroerregistro neuronalean, anestesiaren maneiuan, erradiologiaren plangintzan eta pazientea ebakuntza aurretik eta horren ostean laguntzen.

Emaitzak, bizi-kalitatea eta ikerketa

Azken tartean, aztergai izan dira unitatearen emaitza klinikoak eta ebakuntza izan duten pertsonen bizi-kalitatean horiek duten eragina; horretarako, oinarritzat hartu dituzte kasu klinikoak, gaur egungo ikerketa-lerroak eta mugimenduaren nahasmenduetarako terapia aurreratuen gaineko etorkizuneko proiektuak.

Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bat eta hizlarien eta publikoaren arteko eztabaida irekia egin dira, non jorratu baitira Parkinson-en eta mugimenduaren beste nahasmendu batzuen erronkak eta etorkizuneko aukerak.

Topaketa horren bidez, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak bere konpromisoa berretsi du prebalentzia txikiko patologiak artatzeari, berrikuntza klinikoa bultzatzeari eta espezializazio handiko taldeetan lan egiteari dagokienez; horiek horrela, sendotu du Osakidetzako erreferentziazko zentro gisa duen eginkizuna.

Noticia anteriorOspitaleak pazienteei zuzendutako jardunaldi bat antolatu du, Parkinson-ekin bizitzeko modua jorratzeko
Noticia siguienteGenero-ikuspegia duen ingelesezko Psikiatriako hirugarren liburua