Abenduaren 3an eta 4an, Tumore Endokrinoen eta Neuroendokrinoen Arloko Diziplina Anitzeko I. Eguneratze Ikastaroa (TENEDAEI-GUO) egin da Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Estatuan nahiz nazioartean erreferente diren espezialistak bildu dituen hitzordua izan da, non patologia konplexu horien diagnostikoa eta tratamendua jorratu baitira eta azken aurrerapenak aztertu baitira. 

Hauexek izan dira antolatzaileak: Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Endokrinologia eta Nutrizioko Ikerketa Zerbitzua eta Taldea, EHU, Biobizkaia, AMICHEN, CIBERER eta Endo-ERN. Halaber, lankidetzan aritu da Espainiako Elkarteko Neuroendokrinologia Arloa. Bestalde, koordinatzaile gisa aritu dira Valdés doktorea, de la Quintana doktorea eta Pomposo doktorea, osasun-zentroko Endokrinologia, Kirurgia Orokorra eta Neurokirurgiako zerbitzuburuak.

Bi egunetan zehar, honako jakintza-arlo hauek izan dituzte hizpide adituek: hipotalamo-hipofisiako patologia, tumore neuroendokrino gastroenteropankreatikoak, minbizi adrenala, tiroideko minbizia eta neoplasia endokrino anizkoitzaren sindromeak. Halaber, gai hauek jorratu dituzte:

  • MEN1 eta akromegalia nahiz kirurgia osteko hipoparatiroidismoari buruzko aholku berriak eta gida klinikoak.
  • Tumore neuroendokrinoetarako eta minbizi adrenalerako terapia gidatuetan, erradionukleidoetan eta kimioterapian egindako aurrerapenak.
  • Kirurgia, endokrinologia, medikuntza nuklearra eta nutrizioari lotutako diziplina anitzeko ikuspegiak.
  • Pazientearen ikuspegia; honako hauek egon dira eztabaidan: NETS España, PHEIPAS eta Akromegalia duten Pazienteen Elkartea.

Ikastaroak berretsi du Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea erreferente dela Estatuan hipotalamo-hipofisiako patologia konplexua tratatzen eta tumore endokrino nahiz neuroendokrinoei arreta osoa ematen.

Noticia anteriorESIak simulakroak egin ditu lehen mailako arretako zentroetan eta ospitalean azaroan, segurtasuna sendotzeko
Noticia siguienteOspitalea estatuko erreferente izendatua minbizi adrenokortikalaren tratamenduan: guruin suprarrenaletako tumore gaiztoa