Erizain kliniko Naiara Santín Pérezek eta Ospitaleko Erredura Handietako Unitateko ikuskatzaile Silvia Mínguez Abiak hirugarren saria lortu dute JWC Awards sarietako Burn care kategorian. Ikerketako eta jardunbideko bikaintasunari emandako sariak dira, maila nazionalean eta nazioartekoan, zauriak zaintzeari dagokionez.
Ekitaldia Londresen izan zen otsailaren 14an, eta Erredura Handietako Unitateko bi profesionalek saria jaso zuten alginogel entzimatikoa honako erredura hauetarako erabiltzen izandako esperientziagatik: 2. mailako erredurak, Nexobrid® bidez desbridatuak ala ez; haurren erredurak; eremu emaileetakoak eta 2. mailako erredura sakonak, non zalantza dagoen injertuen kirurgia egin behar den.
60 kasutan baino gehiagotan erabili ondoren metatutako esperientzia oinarri, alginogel entzimatikoa erabiltzeak aurrerapen handia ekarri du erredurak tratatzeari dagokionez, orbaintzeko iraupena murriztu du eta baliabide materialak nahiz giza baliabideak optimizatu dira.
Alginogel entzimatikoa erabiltzeak aukera eman die unitateko profesionalei hasieran sendaketak 48 orduan behin egiteko, eta gerora lau egunean behinera ere zabaltzeko. Ondorioz, nola baliabide materialak hala giza baliabideak murriztu dira, eta sedazio-anestesiako premiak ere bai. Haurren kasuan, ospitaleko egonaldia sendaketa kopuruaren araberakoa da, eta horien artean etxera joan daitezke altan. Halaber, pazienteek sendaketen aurretik duten antsietatea ere murriztu da. Infekzio-indizeek, halaber, behera egin dute nabarmenki, erredurak gutxiago manipulatzen direlako eta esposizio-aldia txikiagoa delako prozeduran zehar, aplikatzen erreza delako.



