Hori ondorioztatzen da Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuak, BioCruces Bizkaiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta CIBERDEMek 307 pazienterekin egindako azterlanetik (Diabetes Research and Clinical Practice aldizkarian argitaratu da). Elsa Fernándezek, Alicia Cortázarrek eta Virginia Bellidok egindako azterlanaren helburua izan da konfinamenduak 1 motako diabetesaren kontrol gluzemikoan zer inpaktu izan duen ebaluatzea. Lortutako ondorioen arabera, «emaitzek iradokitzen dute nork bere burua zaintzeko denbora gehiago izateak kontrol gluzemikoa epe motzean hobetzen lagundu dezakeela».

Azterlanean parte hartu duten 307 pertsonek 1 motako diabetesa dute eta glukosaren etengabeko monitorizazioa erabiltzen dute, beharraren arabera (flash sistema). Konfinamendua hasi aurreko 14 egunetako datuak erabili ziren, eta horiek etxean 8 aste eman ondorengo azken 14 egunekin konparatu ziren.

Eman zezakeen SARS-CoV-2 hedatzea saihesteko hartu ziren neurriak zirela eta okerrera egingo zuela kontrolak diabetesa duten pertsonetan, osasun-sistema baliatzeko zailtasunak direla eta, baita konfinamenduari lotutako jarduera-falta, estres handiagoa edo antsietatea direla-eta ere. Hala ere, azterlanaren arabera, hobetu egin da kontrol gluzemikoa.

Azterlanak dioenez, hobekuntza horretan eragina izan dezaketen faktoreen artean daude «ordutegien egonkortasuna, otordu osasungarriagoak eta tratamenduan doikuntzak egiteko denbora gehiago, eta horiek onuragarriak izan daitezke kontrol gluzemikorako, epe motzean, gutxienez».

Azterlanak nabarmentzen duen beste faktore bat paziente horiek COVID-19a hartuz gero izan dezaketen arriskuari buruz hedabideetan emandako informazioa da. Hain zuzen ere, baliteke pazienteen kontzientzian eta autozaintzan eragina eduki izana.

Azterlana:
«Impact of COVID-19 lockdown on glycemic control in patients with type 1 diabetes»