Biocruces Bizkaiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen zeliakiako ikerketa funtzionalak taldeko ikertzaileen azterlan batek lehen aldiz deskribatu du glutenak proteinaren sintesia ahalbidetzen duten RNA molekulak aldatzen dituela eta, horri esker, gaixotasun zeliakoa eta bestelako hesteetako gaixotasun inflamatorioak tratatzeko alternatiba berriak proposatu ahal izan dira.
Biocruces Bizkaiaren eta UPV/EHUren Ikerbasque ikertzaile Ainara Castellanosek –azterlanaren buru izan da– azaldu duenez, ikusi dute zelulek, saguek eta gizakiek glutena kontsumitzeak XPO1 izeneko genearen RNAm-a (RNA mezularia) alda dezakeela. Horrek esan nahi du proteinen ekoizpena handitzen dela, eta hesteetako inflamazioarena ere bai.
Bestalde, gene horretako aldagai genetiko batek RNAren aldaketa horretan eragina du eta hesteetako inflamazioa garatzeko arriskua handitzen du arrisku-aldagaia duten pertsonetan.
Gaixotasun zeliakoa nahasmendu autoimmune konplexu bat da, eta genetikoki hori pairatzeko aukera handiagoa duten pertsonei eragiten die. Dietako glutenak erantzun immunitario bat eragiten du, eta horren aurka orain arte dugun tratamendu bakarra glutenik gabeko dieta zorrotz bati bizitza guztian jarraitzea da; horrek, bada, pazienteen bizi-kalitatea mugatzen du.
Azterlan honek –GUT aldizkarian argitaratu da, gastroenterologiari eta hepatologiari buruzko nazioarteko aldizkari garrantzitsuenetako batean– gaixotasun zeliakoa eta bestelako hesteetako gaixotasun inflamatorioak tratatzeko alternatiba berriak proposatzen ditu.
Ikerketari esker, gaixotasun zeliakoa tratatzeko ikuspegi terapeutiko berriak garatzeko aukera dago orain. Gaur egun, proteina horietara bideratutako zenbait molekula ebaluatzen ari dira, eta batzuk jada erabiltzen ari dira bestelako hesteetako gaixotasunak tratatzeko.
Bestalde, glutenak RNAn eragin dezakeen aldaketa deskribatu izanak ikerketarako bide berriak irekitzen ditu; izan ere, ikusi denez, kanpoko eragileek (dietako glutena, kasu honetan) RNA alda dezakete, eta erantzun inflamatorio bat eragin.