Herritarren zaintza ez ezik, erakundearen eta osasun-sistemaren beraren sostengarritasuna ere hobetzen laguntzeko konpromisoa hartuta aurre egin nahi dio proiektuari Pilar Sánchez Rubiok, Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIko Erizaintzako zuzendari berriak.

Erizaintzako zuzendari berria Gurutzetako ospitaleko erizain gisa ekin zion lanbide-karrerari, eta Galdakaoko ospitalean aritu zen ondoren, harik eta 1987an erizain-plaza Barakaldoko zentroan lortu zuen arte. Kritikoen Erizaintzako ondokoaren postua bete du 2006az geroztik.

Postu horretan erretiroa hartu berri duen Maite Barrena ordezkatu du Pilar Sánchezek, eta erronka horri aurre egiten dio zera nabarmenduz: «aldaketetan garrantzitsuena pertsonen jakintza eta trebetasuna ez galtzea da; erakundeek alferrik xahutzen utzi ezin duten balioa da. Erronka berriei erantzuteko beharrarekin uztartu behar da hori; banakako pentsamenduak lantaldearen barruko pentsamendu eta ekintza-batasun komunera bideratzen dituzten gaitasunak eta lidergo-trebetasunak garatzearekin, adibidez».

Zer-nolako lana egin behar du Erizaintzako Zuzendaritzak?

Gure lana hainbat alderditan garatu nahi dugu, baina beti kontuan izanik gure estrategiaren erdigunea –gure ahaleginen xede, alegia– pazienteak eta herritarrak zein profesionalak beraiek direla.

Era horretan, harreman estua izan nahi dugu gainontzeko zuzendaritzekin; integrazioa lortzeko lanean jarraitu nahi dugu; loturako erizainaren eta patologia anitzekoen ataleko erreferenteen eginkizunak garatu nahi ditugu, zaintza prozesu ezberdinen barruan ikusarazten lagundu, ebidentzia oinarri duen lana sustatu eta, etengabeko prestakuntzarekin lotuta, prestakuntza-ibilbideak ezartzen jarraitu nahi dugu.

Halaber, Erizaintza Zuzendaritzako lantaldeko kideok hainbat ekimen garatu nahi ditugu profesionalenganako hurbiltasuna zein gure jarduketen gardentasuna errazte aldera.

Erizaintzatik eta erizaintzarako ikerketa-lerroak ere garatu nahi ditugu, orobat, eta IKTen erabilera sustatu, bai zaintzaren laguntza gisa (aplikazioak, tabletak) bai paziente eta herritarrekiko komunikazio gisa (blogak, osasun-karpeta).

Azkenik, Paziente Aktiboari dagokionez, pazienteak erakartzean zein osasun-hezkuntzan oraindik bide luzea du egiteko erizaintzak, nire ustez.

Zer helburu finkatu dituzu bide berri honetan?

Emandako zaintzei dagokienez lantalde lider eta erreferente bihurtzea da Erizaintzako Zuzendaritzaren ikuspegia, eta pertsonen talentua atxikitzeko eta erakartzeko gaitasuna izatea.

Hori horrela, helburuez mintzatzeko orduan, gustatuko litzaidake ardatza Euskadiko Osasunari buruzko 2013ko Inkesta zein gure erakundeko zaintzari buruzko adierazleak izatea. Adinekoaren arretarako plana, osasunaren sustapena zein osasun-sistemaren sostengarritasun eta perspektiba dituzte oinarritzat horiek.

Pazienteei arreta emateko orduan bikaintasuna erdiesteko segurtasun klinikoa ere hobetu beharra dago, zer gogoeta egingo zenuke zentzu horretan?

Segurtasunaz hitz egiten dugunean, pazienteak ez ezik, profesionalak ere baditugu gogoan.  Pazientearen segurtasunaren arloko hainbat proiektu daude abian gure erakundean (EPEA, UPPADO, ERORIKO EZ, Historia kliniko elektronikoa, erorikoak Lehen Mailako Arretan, medikazioaren kontziliazioa, etab.). Eta beste batzuk ere badaude profesionalentzat, hala nola segurtasun aktibo/pasiboko sistemak dituzten hainbat gailu sartzea, gailu berriei edota pazienteen mobilizazioari buruzko prestakuntza, besteak beste.

Horiek guztiak lagungarri dira lanean metodoa eta ebidentzia erabil ditzagun, bai eta hobetu beharreko arloak antzeman eta urrats bat aurrera egin dezagun ere.

ESIaren estrategiaren oinarrietako bat berrikuntza bultzatzea da, zer eginkizun eduki ahal eta behar du hor erizaintzak, zure ustez?

Erizaintzako Zuzendaritzak barnean hartzen dituen lanbide-kategoriak oso partaidetza aktiboa izaten ari dira txapelurdin gisa zein ideia-taldeetan, berrikuntza-batzordeetan eta abarretan. Are gehiago, arretaren eta/edo zaintzaren premia berriak ia konturatu gabe hautemateko gauza dira laguntzaren lehen lerroan lan egiten duten erizainak, laguntzaileak, emaginak, zeladoreak, fisioterapeutak, teknikariak, sanitarioak eta abarrak. Hori dela eta, ideia horiek hartzeko gauza izan behar dugu, laguntza hobetzen duten produktu bihur daitezen. Pertsona ardatz duen berrikuntzaz ari gara, hortaz, haren arazoak eta beharrak konpontzeko ideiak dituenaz.

Ekimen horiek hainbat eremu har ditzakete barnean (antolamendukoak, klinikoak, harreman-arlokoak…); helarazi beharko genuke agian berrikuntzaren barruan ere sartzen direla zaintza, prestakuntza eta abarretara aurrerapen txikiak dakartzaten proiektutxo horiek.

Noticia anteriorESIko ideiak bideratzeko metodologia
Noticia siguienteEtorkizunean egoiliar izango diren 220 lagunek ospitalea bisitatuko dute