Erorikoak mehatxu larria dira adinekoen osasunerako eta ongizaterako. Sufrimendu fisiko eta psikikoaren arrazoi nagusiak dira, bai eta giza bizitzak galtzeko arrazoi ere.
Egoera horiek gertatu ez daitezen, nazioarteko segurtasun-helburuekin bat etorriz eta, besteak beste, erorikoengatik kalteak jasateko arriskua murrizteko helburua aintzat hartuta, Zallako Osasun Zentroak erorikoak prebenitzeko erakundearteko eta diziplinarteko esku-hartzea egin du udalerrian, honako hauekin egindako esku-hartze komunitarioaren baitan: udalarekin, Enkarterriko Mankomunitatearekin eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzarekin.
Bi saio egin dira; bat teorikoa izan da eta udalerriko Kultur Etxean egin da, non honako hauek hartu baitute parte: Osasun Publikoko ordezkariek, udalerriko nahiz mankomunitateko gizarte-laguntzaileek, Beti-Oneko ordezkariak eta osasun-zentroko lehen mailako arretako erizainek. Askotariko gaiak jorratu ziren: erorikoen epidemiologia, azterketei lotuta egin beharreko zaintzak, elikadura, arriskuen prebentzioa etxean nahiz kalean, etxean obrak egiteko hainbat baliabide, laguntza ekonomikoak, etab.
Bigarren saioa praktikoa izan da; udalerriko pilotalekuko areto batean egin da, osasun-zentroko erizainek eskaini dute eta nagusiki azaldu dute nola erabili behar diren gailuak, nola altxatu behar den norbera lurretik, etab. Horrez gain, tailerrean hainbat gida eman zaizkie bertaratutakoei, eta bertan aholkuak eman zaizkie erorikoak prebenitzeko, bai eta indar muskularra nahiz mugikortasuna hobetzeko jarduerak proposatu ere.
Bertaratutakoei egindako inkestaren arabera, % 67k adierazi zuen ikasitako neurriren bat erabili zuela; tailerraren batez beteko gogobetetze-maila 9koa izan zen (10etik), eta agerian geratu zen parte-hartzaileentzat onuragarria dela osasuna sustatzeko hezkuntzako esku-hartzeak egitea, hala nola tailer hau.



