Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean arreta pediatrikorako erabiltzen diren espazioak humanizatzeko proiektua neska-mutilak ospitaleratzeko 5 D solairuan gauzatu da. Mikel Uriarte Fundazioaren ondareari eta Wallart enpresaren sorkuntza-lanari esker, panda hartz eta koartza ugari dituen banbu-baso batek txikienen irudimena eta ilusioa piztuko du, eta ospitalean ematen duten denbora eramangarriagoa izaten lagunduko du. Gainera, logelen zenbakia basoko egurrezkoa da.
Ospitaleko ordezkariek, hots, Santiago Rabanal zentroko zuzendari kudeatzaileak, Itziar Astigarraga Pediatriako zerbitzuburuak, Eduardo Resines Zerbitzu Orokorretako Zuzendariordeak – egindako lanen arduraduna – eta Inés Gallego Berrikuntzako eta Kalitateko zuzendariordeak berritutako eremua bisitatu dute gaur goizean, Fundazioko Chely Gonzálezekin eta Wallarteko Aarón Diegorekin batera. Nabarmendu dutenez, proiektua garrantzitsua da umeen tratua, erosotasuna eta abegi ona hobetzeko. Santiago Rabanalen hitzetan: «Aurrerapen bat gehiago da humanizazio-proiektuan, eta horretaz harro gaude».
Berrikuntza irekia eta erantzukizun sozial korporatiboa
Ospitaleetako espazioen humanizazio-proiektua bultzatzen duen osasun-zentroaren berrikuntza irekiko eta erantzukizun sozial korporatiboko estrategiari esker hasi ziren harremanak Mikel Uriarte Fundazioarekin eta Wallartekin. Harreman horren emaitza izan da Pediatriako laguntza-eremuan osatu den jarduketa hau, aurretik Haurren Onkologia, Kardiologia eta Errehabilitazioa, sarrera eta aurreanestesiako gunea eta haurren ebakuntza-gela berritu ondoren.
Instalazioaren babesle den Mikel Uriarte Fundazioaren helburua proiektu solidarioak, ongintzazkoak eta laguntza sozialari dagozkionak laguntzea da. Wallarten taldeak, Paloma de Miguel eta Lucía Pinto irudigilea buru dituela, hormak eraldatu ditu, eta biziz bete.