Aste honetan ekin zaio «Sortuz sendatu – Sana y crea» izeneko programari Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Programa Guggenheim museoak eta BBK fundazioak bultzatzen dute. Aurtengo gaia erabakitzean Robert Rauschenberg artistaren obra hartu da inspirazio moduan. Izan ere, artista horrek benetako irudiak sartzen ditu bere koadroetan (bere argazkiak edo komunikabideetatik atera dituen argazki-zatiak…) eta eskuz margotutako tarteekin batzen ditu; nahasketa horrek adierazkortasun handia ematen die bere lanei.
Ospitaleratuta dauden umeek Robert Rauschenberg artistaren koadroak sortzeko teknika hori hartuko dute inspirazio moduan eta, gero, 2024ko gertaerei buruz duten iritzia islatuko duen collage-a egingo dute.
Horretarako, umeek 2024. urteko oroitzapenak pentsatuko dituzte (gertaera garrantzitsuak, ondo sentiarazten duten gauzak) eta, collagea osatzeko, urte amaiera —2024ko Gabonak— nolakoa izatea espero duten irudikatuko dute. Hau da, umeek kartulina zuri batean itsatsiko dute dena, hautatu, ebaki eta batu ostean. Konposizioa amaituta dagoenean, pintzelkada batzuk emango dituzte akriliko zuriz eta beltzez, beren ekarpena egiteko lanari.



