OTSAILAREN 11, EMAKUME ETA NESKA ZIENTZIALARIEN NAZIOARTEKO EGUNA

Gora egin du Bioarabako, Biocruces-Bizkaiko, Biodonostiako eta Kronikguneko ikerketa-jardueren buru den emakume-kopuruak

Osasun Sailak eta Osakidetzak, aurten ere, haien zentroetako ikerketa-arloko profesionalekin batera, bat egin dute Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin; haren helburua da emakumeek eta neskek sektore horretan erabateko sarbide zuzena izatea.

Zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematiken sektoreetan urteak daramatza genero-arrakalak, mundu osoan. Egun hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak zientziaren eta teknologiaren eremuan berdintasun-politikekin duen konpromisoa eta bikaintasunaren ikerketaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustua berretsi nahi ditu.

Euskadin, Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune zentroetan bikaintasuneko ikerketa proiektuak garatzen dituen emakume-kopurua gizonena baino handiagoa da. Zehazki, zentro horietan, ikerketako 2.859 profesional daude eta, haietatik, % 65 emakumeak dira; alegia, 1.858. Proiektu horien lidergoa onartzen duen emakume-kopuruan ere ikusten da gorakada. Zehatzago esateko, proiektuetako buru diren langileen % 50 baino gehiago emakumeak dira (guztira 448 dira, eta, haietatik, 223 emakumeak dira).

I+G+b arloarekin zerikusia duen jarduera dela eta, hura % 8 hazi da 2020an, Euskadin. Hori horrela, nabarmentzekoa da garatzen ari den proiektu-kopurua –saiakuntza klinikoak barne– % 70 hazi dela azken bost urteotan, bai eta Euskadiko enpresekin elkarlanean eginiko proiektuen kopurua ere –gaur egun 85 dira–.

Euskadiko Osasun Sisteman ikerketek lantzen dituzten gaien artean, I+G jarduera nabarmentzekoa da onkologian (% 17) eta neurologian (% 16), eta, ondoren, endokrinologiaren, psikiatriaren eta arnasketaren arloan (% 6, hurrenez hurren).

Gainera, legealdi honetan, osasun-berrikuntza eta -ikerketa sustatzen jarraitzeko, honako estrategia eta tresna hauek onetsiko dira: 2021-2024rako Osasuneko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia berria eta osasun-ikerketarako tresna estrategiko berria, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eta RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren esparruan.

 

Noticia anteriorGlutenak RNA aldatzen du
Noticia siguienteStanfordeko Unibertsitateak (Kalifornia) argitaratutako zerrenda batean, Biocruces Bizkaia institutuko eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko lau ikertzaile ageri dira zientzietako arlo guztietako mundu osoko onenen artean