Azken hilabeteetan «Zugan pentsatuz» programan parte hartu duten Trapagarango 30 bizilagunei diplomak eman dizkiete gaur. Bizitza sendetarioa zeramaten eta hipertentsioa zuten pertsonen artean ohiko jarduera fisikoa sustatzea zuen helburu ekimenak; izan ere, hipertentsioa arrisku-faktorea zen beren osasunerako. Esperientziaren urte erdiaren ondoren, «emaitzak oso positiboak izan dira eta aurrez ezarri ziren helburuak lortu dira», baloratu du Xabier Cuellar meatze-herriko alkateak. Nabarmendu duenez, gainera, parte-hartzaile gehienek «beren osasuna hobetu dute kirolari esker».

Udalak, Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko Trapagarango Lehen Mailako Arretako Unitateak, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak eta Emtesport enpresak –udalerriko kirol-instalazioak kudeatzen ditu– sustatu dute «Zugan pentsatuz» proiektua.

Bi taldetan egin da esperientzia. Taldeek hamabosna kide zituzten, gizonek osatua bata eta emakumeek bestea. Trapagarango osasun-zentroko medikuntzako profesionalek hautatu zituzten parte-hartzaile guztiak, beren egoera pertsonalaren arabera. Normalean jarduera fisikorik egiten ez zuten pertsonak ziren, eta osasunerako arrisku-faktore bat izan daitezkeen patologia kronikoak zituzten.

Haiekin lan egin duen monitorea indarra, oreka eta gaitasun aerobikoa eta anaerobikoa lantzen saiatu da. Gainera, dauden kirol-modalitateen berri eman die.

Hasiera batean zehaztutako helburuak lortzeko, egin beharreko ariketen mota hartu da aintzat eta taldeen dinamika ona eta soziabilizazioa bilatu da, hain zuzen ere, jokoen eta jolas-ariketen bitartez; horrela, lan-giro ona lortu dute eta parte-hartzaileak motibazio onarekin joan dira saioetara.

Sei hilabete igaro dira programa abiarazi zenetik eta zenbait parte-hartzailek pisua galtzea lortu dute. Beste batzuek beren osasuna hobetu dute eta, horri esker, hartu behar duten sendagai-dosia murriztu ahal izan dute. Oro har, erabiltzaile gehienek ondo amaitu dute programa, eta, lortutako arrakastei eusteko, bizi-ohitura osasungarriak (tartean, kirola) egiten jarraitzeko prest daudela adierazi dute.

Antolatzaileek ondorioztatu ahal izan dutenez, jarduera fisikoa hobetzea (ordubeteko saioak egitea astean hiruzpalau aldiz) zuzenean erlazionatuta dago hipertentsio arteriala hobetzearekin; hala, hori egonkortzea eta maila normaletara jaistea lortzen da. Hori bai, ez da inoiz medikazioa jarduera fisikoarekin ordezkatu behar; aitzitik, horren osagarri izan behar du. Gainera, proiektu honen bidez, paziente guztiek –dela gizonezkoek, dela emakumezkoek– nabarmen jaitsi dute pisua.

Noticia anteriorMindfulness: burua sosegatzen ikastea
Noticia siguienteMaiatzak 5: Arreta Sanitarioaren arloko Eskuen Higienearen Nazioarteko Jardunaldia