BioCruces Bizkaiak gibeleko transplanteen eta giltzurruneko transplanteen ikertaldeekin ospatu du. Duela zenbait urtetik hona, Transplantearen Mundu Eguna ospatzen da otsailaren 27an. Egun horretan, omendu nahi dira, osasun-arloko profesionalak ez ezik, euren gorputzeko atal bat ematea erabakitzen duten milioika lagunak beste pertsona batzuei bizitza apur bat luzeagoa izaten laguntzeko ere.

Iaz, Euskal Autonomia Erkidegoak milioi bat biztanleko 65 emaileko tasa erregistratu zuen. Ondorioz, nazioarteko abangoardian jarraitzen dugu, azken bosturtekoan 60 emailetik gorako tasarekin. Beste alderdi aipagarri bat da gero eta familia gehiagok dutela erantzun positiboa donazioarekiko. 1980ko hamarkadaren erdialdean, 10 familiatik 7 agertzen zen donazioaren alde. Azken hamarkadan, berriz, ratio hori handiagoa da (9/10).

BioCruces Bizkaia Institutuan, hepatologiako eta transplanteen ikertaldeak eta giltzurruneko transplanteen ikertaldeak ikerketa ugari egiten ari dira hainbat arlotan.

Lehen ikertaldeak, Andrés Valdivieso doktorea buru duenak, hiru esparru nagusitan oinarritzen du jarduera:

  • Farmako immunoezabatzaileek gibeleko transplanteetan duten efikazia eta segurtasuna aztertzea. Arlo horretan, zentro anitzek hartzen dute parte farmako immunoezabatzaile berrien II. eta III. faseetan.
  • Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologia Saileko Farmakozinetika Klinikoko Taldearekin lankidetzan, biztanlerian oinarritutako eredu farmakozinetiko bat garatzea, farmako immunoezabatzaile nagusia (takrolimoa) hobeto dosifikatzeko, eraginkorragoa izateko eta bigarren mailako ondorio gutxiago izateko.
  • Dynakinekin, Progenikarekin eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologia Saileko Farmakozinetika Klinikoko Taldearekin elkarlanean, gibeleko eta hesteko entzima metabolizatzaileen polimorfismo genetikoak aztertzea (nagusiki CYP eta p-glikoproteina), takrolimoaren efikazian eta toxikotasunean aldaketak izan ditzaketenak.

Bigarren ikertaldeak, José Antonio Zabala doktoreak koordinatzen duenak, helburutzat du giltzurruneko transplanteak ikertzea, sustatzea, bultzatzea eta garatzea Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, arlo horretan erreferentziako zentro izaten jarraitzeko eta gure jardueratik lortutako datuekin nazioarteko komunitate medikoaren eta zientifikoaren barruan garrantzitsuak izan daitezkeen lanak eta azterlanak egin ahal izateko. Hauek dira bere ikerketa-arlo nagusiak: giltzurruna transplantatzearen bideragarritasunari eragiten dioten kirurgia aurreko alderdiak aztertzea; giltzurruneko transplantean erabili izan diren irizpide zabaleko giltzurrunen funtzioaren balorazioa epe ertain-luzera, emailearen protokoloa erabilita; giltzurrun-transplantea izan duten pazienteen giltzurruneko tumoreak aztertzea eta haien mapa genetikoa analizatzea, eta bizirik dagoen emailearen transplantea.