Loaren Unitateak antolatuta eta Air Liquide empresari esker, tailer batzuk ospatuko dira lo apnea sindromea daukaten pertsonei zuzenduta. Gaiak hauek izango dira: zergatia, elikadura, jarduera fisikoa eta tabaquismo, besteak beste. Hain zuzen ere, irudian gaurko tailerrean parte hartzaileak
Loaren Munduko Eguna urtean behingo ekitaldi bat da. Loa ospatzeko egun bat da, eta loarekin harremana duten gai garrantzitsuei buruzko atentzioa deitzeko modu bat, medikuntza, hezkuntza, alderdi sozialak eta gidaritza barne.
Helburua lo-arazoek gizartean duten karga txikitzea da, loaren trastornoei hobeto aurre hartuz eta horiek hobeto maneiatuz.
Loa osasun onaren hiru oinarrietako bat da, dieta orekatu batekin eta ariketa erregularrarekin batera. Gutxi gorabehera loaren 100 trastorno dago, baina horietako gehienak Loaren Medikuntzako espezialistek trata ditzakete. Lo sakona eta etenik gabea duten pertsonek tasa baxuagoak dituzte hipertentsio arterialean, diabetesean, obesitatean eta beste gaixotasun kroniko batzuetan.
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean bada Loaren Unitate bat. SEPAR-en (Arnas Aparatuaren Patologiaren Espainiako Elkartea) eta SES-en (Loaren Espainiako Elkartea) maila goreneko egiaztapena du. Bertan, modu integratuan, Pneumologiako, Neurofisiologia Klinikoko, Neurologiako, Otorrinolaringologiako, Aurpegi-masailetako Kirurgiako, Ortodontziako eta Pediatriako Zerbitzuetako profesionalak ari gara lanean. Urtean zehar loaren 3.000 proba diagnostiko baino gehiago egiten dira, konplexutasun maila desberdinekoak, horietako asko pazienteen etxeetan, eta beste batzuk gure Unitateko loaren laborategian bertan. Loaren trastorno ugari artatzen badugu ere, gure jardueraren zatirik handiena hartzen duen patologia loaren apnea da.
Prebalentzia handia du herritarrengan, oro har (herritar helduen % 3-5 inguru, sintomekin batera), eta eragin oso garrantzitsuak ditu dela jasaten duenaren bizi-kalitatean dela morbimortalitatea handiagotzean. Ohiko koadroa adin ertaineko gizon batena da, obesoa, lo egiten duen bitartean zurrungak eta arnasketa-etenak egiten dituena, eta egunez gehiegizko somnolentzia duena. Hala ere, askotan, ohiko koadro horretatik urruntzen diren hainbat kasu agertzen dira, loaren apneari egotz dakizkiokeen sintoma eta patologia ugari baitago.
Lehen aukerako tratamendua (pisua galtzeaz gain) CPAP gailu bat erabiltzea da (ingelesetik itzulita, presio positibo etengabea arnasbidean), lo egiten den bitartean. Maskara baten bidez, pazientearen arnasbidea presurizatzen du, ez dadin kolapsatu. Gure Unitatean, gainera, tratamendurako aukera kirurgikoak ditugu kasu hautatuentzat, dela otorrinolaringologian dela aurpegi-masailetako kirurgian.
Neurri higieniko-dietetikoak loaren apnearen tratamenduaren beste funtsezko oinarri bat dira. Ariketa, elikadura orekatua, tabakoa eta alkohola saihestea, alde batera lo egitea… arazoa asko hobetu dezaketen neurriak dira, eta kasu batzuetan konpondu ere bai. Zentzu horretan, eta martxoaren 17ko Loaren Munduko Eguna dela eta, Bizkaiko Etxeko Arnasketa Terapien enpresa adjudikaziodunarekin elkarlanean, loaren apnearen sindromea duten pazienteentzako hezkuntza-tailer batzuk antolatu dira. Tailerra 45-50 minutuko 4 saiok osatzen dute, 4 astez jarraian. Gaixotasunari berari eta CPAP-arekin egiten den tratamenduari buruzko informazioa emateaz gain, bizitzeko estiloari dagozkion hezkuntza-alderdiak azpimarratuko dira bereziki.
Bukatzeko, haurrentzako eta helduentzako loaren 10 higiene-arauak erantsi nahi genituzke, SES-ek gomendatuak
Haurrentzako (12 urtera arte) loaren 10 higiene-arauak:
- Gauero ohera ordu berean joatea, ahal bada 21:00ak baino lehen.
- Adinari egokitutako eguneko siesta-ordutegi batzuei eustea.
- Oheratu aurretik, eguneroko gauzak betiko moduan egitea.
- Logela lotarako leku egokia izan dadila: freskoa, iluna eta lasaia.
- Zure semea edo alaba bere kabuz lokar dadin laguntzea.
- Oheratzean eta gauean zehar, argi distiratsuaren pean ez egoten saiatzea, eta goizean argiarekiko esposizioa handitzea.
- Janari astunak eta ariketa bizia saihestea oheratu aurretik.
- Gailu elektronikoak (telebista, ordenagailuak, telefono mugikorrak… barne) logelatik kanpo izatea, eta horien erabilera mugatzea oheratu aurretik.
- Kafeinarik ez hartzea, kolak, kafea eta tea barne.
- Egunean zehar ordutegi erregularrak izatea, otorduen egutegiak barne
Helduentzako loaren 10 higiene-arauak:
- Ohera joateko eta ohetik jaikitzeko ordutegi erregularra ezartzea.
- Siesta egiteko ohitura baduzu, ez dadila 45 minutu baino luzeagoa izan.
- Ez edan alkoholik eta ez erre ohera joan baino 4 ordu lehenago.
- Ez hartu kafeinarik ohera joan baino 6 ordu lehenago, kafea, tea, kolak eta txokolatea barne.
- Ez hartu janari minik, pisurik edo azukre asko duenik ohera joan baino 4 ordu lehenago. Gomendagarria da ohera joan aurretik mokadutxo bat hartzea.
- Egin ariketa erregularra, baina inoiz ez oheratu baino lehen.
- Lo egin ohe eroso batean.
- Izan tenperatura egokia lo egitean, eta izan logela ongi aireztatuta.
- Saihestu ahal den guztian hotsa eta argia logelan.
- Izan logela lo egiteko eta sexurako bakarrik. Ez erabili logela lan egiteko edo aisialdirako espazio gisa.