Gaur, ekainak 5, Ingurumenaren Munduko Eguna da, eta, aurten, ekintza globalerako dei urgentea egin nahi du biodibertsitatea babesteko, espezieen galera azkarrari eta mundu naturalaren degradazioari aurre egiteko, ekosistema osasungarri batek gaixotasunetatik babesten laguntzen baitu. Horregatik, Ingurumenaren Munduko Egun honetan, naturaren ordua heldu da. Jakin nahi duzu zer egin dezakezun biodibertsitatearen galera geldiarazteko eta natura zaintzeko? Sartu eta parte hartu
Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIak bere gain hartu du gizarte- eta ingurumen-konpromisoa. Ildo horretan, adierazi behar da gure erakundeak Ingurumena Kudeatzeko Sistema bat ezarri duela, eta etengabeko hobekuntzarako konpromisoa hartu duela; gainera, 2020an, EMAS Komunitate Erregistroarekin («Eco-Management and Audit Scheme») aintzatetsi dute. Europako EMAS Erregelamenduak kudeaketa- eta auditoretza-eskema eraginkor bat zehaztu du, gure erakundearen ingurumen-jarduna kudeatzeko eta etengabe hobetzeko. EMAS Erregelamenduaren ingurumen-kudeaketako sistemaren eredua ISO 14001 arauan dago oinarritua, eta, gainera, bere berezko ezaugarriek ingurumen-kudeaketarako bikaintasun-eredu bihurtzen dute.
Ziurtagiri horren arabera, honako hau da ESIaren irismen osoa: Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, 12 osasun-zentro eta 17 kontsultategi; ingurumen-politika zehaztua du, ingurumen-kudeaketako sistema bat erabiltzen du, eta, aldian-aldian, sistema horren funtzionamenduaren berri ematen du, erakunde independenteek egiaztatutako ingurumen-adierazpen baten bidez.
Era berean, ingurumen-irizpideak betetzen dituzten 21 ibilgailu eskuratu ditu aurten ESIak: 19 elektrikoak dira %100ean, eta 2 gas likidotua-GLP dutenak; horrek atmosferara egiten diren CO2 isurketak murrizten lagunduko du.
Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzeko ekintzak
Gainera, egun hori ospatzeko, ESIak hainbat ekintza egingo ditu:
ESIak susperraldi ekonomiko jasangarriaren aldeko manifestuari atxikitzeko deia egin du, eta Europako Green Recovery Alliance ekimenaren esparruan, COVID-19aren krisiaren ondoren ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik eraginkorrak diren eta, aldi berean, jasangarritasun- eta biodibertsitate-politikekin bat datozen politiketan oinarritutako suspertze-neurriak ezartzearen alde egiten du. Hemen klik eginez, manifestua irakurri, eta atxiki zaitezke.
Menu ekologikoa: Ospitaleko sukaldeak menu ekologiko bat prestatu du uneotan ospitaleratuta dauden pazienteentzat; horretarako, inguruko ekoizleen produktu ekologiko eta naturalak erabili ditu.
Dietetikako zerbitzuak lagunduta aritu den Sukaldeko zerbitzuak erronka gisa hartu du paziente guztiek, edozein dieta eta patologia izanik ere, egun horretan produktu ekologiko eta naturalez osatutako menu ekologiko bat izatea, eta ez soilik osagai nagusiei dagokienez (haragia, arraina…), baita osagai arruntei dagokienez ere (gatza, azukrea, olioa…). Horren erakusle, erabilitako gatza adibidez, Añanako Gatz Haranak emandakoa izan da. Hau da egun horretarako menua:
- Lehen platera: Mungiako babarrun zuriak edo baratzeko barazkien krema.
- Bigarren platera: Oilasko ekologiko errea, Arabako patata frijituekin, edo Kantauri itsasoko amuko legatza, Arabako panadera patatekin.
- Postrea: Izarrako euskal pastela, eskuz egina, edo Karrantzako gazta, Lea Artibaiko sagar-konfiturarekin.
- Egur-labean egindako ogia.