Azaroaren 19an, Presio-ultzeren X. Mundu Jardunaldia egingo dugu. Jardunaldi horren helburua da profesionalak, pazienteak eta, oro har, gizartea presio-ultzeren prebentzioaz kontzientziatzea. Mugikortasun urriko edozein pertsonak izan dezakeen konplikaziorik prebenigarriena da. Erabateko lotura du pazientearen segurtasunarekin eta osasun-profesionalek eta zaintzaileek ematen duten arretarekin. Osasun-erakundeetako kalitatearen funtsezko adierazle bihurtu da presio-ultzeren neurketa.

EPEA 2021 azterlanean (kontrako gertaeren prebalentziari buruzko azterlana), EEGko ESIak honako datu hauek lortu ditu presio-ultzerei dagokienez:

  • Lehen mailako arretan, % 6ko prebalentzia aurkitu zen. Eremu horretako arrisku-mailak erakutsi zuen biztanleria horrek % 4ko arrisku moderatua eta % 5eko arrisku handia zituela.
    • Etxeko ospitalizazioan, % 5eko prebalentzia aurkitu zen, eta ez zen arrisku moderaturik edo handirik aurkitu.
    • Ospitalizazioan (zerbitzu kritikoak barne), % 9,1eko prebalentzia aurkitu zen –2020ko zifrak hobetu dira (% 12)–, baina, COVID-19aren pandemiaren ondoren, ez ziren % 6 eta % 7 arteko aurretiko zifrak berreskuratu. Eremu horretan, helduen arriskua % 10ekoa izan zen arrisku moderatuan, eta % 7,8koa arrisku handian. Pediatriako pazienteen kasuan, % 5ek zuten presio-ultzerak izateko arriskua.

Asko aurreratu da arriskua neurtzeko eskalak egiten; eskala horiek, bada, prebentzio-neurri espezifikoak erabiltzeko bide ematen dute. Era berean, praktika klinikoko gidak erabiliz ebidentzian oinarritutako praktika ezartzeak aukera ematen du profesionalen ahaleginak helburu zehatz eta onargarrietara bideratzeko, eskura dagoen ebidentzia onenean oinarritutako gomendioekin.

Baliabide hobeak ere baditugu, eta eskuragarri dauden produktuei buruzko poster bat argitaratu dugu, profesionalei orientazioa emateko, tratatu beharreko ultzera edo zauri motaren arabera. Praktika aurreratuko erizain bat ere badugu. Zauri kroniko konplexua kudeatzen aditua da, eta interkontsultaren bidez jar daiteke harremanetan harekin.

Aurrera egiten ari garen arren, oraindik badugu zer hobetu. Gure ESIan, oraindik ere, lehentasuna da presio-ultzerak murriztea.

Eskerrik asko hobetu ahal izatea posible egiten duten profesional eta zaintzaile guztiei.