Irailaren 5ean bizkarrezur-muineko lesioaz kontzientziatzeko nazioarteko eguna izango da. Kanpaina Bizkarrezur Muineko Lesioaren Nazioarteko Elkarteak sustatzen du eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIak horrekin bat egin du.
Bizkarrezur-muineko lesioa hartutako desgaitasun fisikoaren kausa nagusietako bat da. Medikuntzaren aurrerapenak gorabehera, ondorioek oso larriak izaten jarraitzen dute. Izan ere, guztiek sekuelak utzi eta tratamendu luzeak beharko dituzte, eta lesionatuak ezingo du aurretik egiten zituen jarduerak gauzatzen jarraitu eta, kasu askotan, etorkizuneko planak aldatzera behartuta egongo da.
Estatu osoan, urtean, bizkarrezur-muineko 1.000 lesionatu-kasu berri izaten dira (% 80 inguru jatorri traumatikokoak). 30.000 pertsona inguruk desgaitasun fisiko handia dute, lesio horren ondorioz.
Urteetan tratamenduak hobetu ahala, bizkarrezur-muineko lesionatuaren bizi-itxaropena luzatzea eta bizi-kalitatea hobetzea lortu da, baina oraindik ez da lesioa sendatzea lortu. Guztiok espero dugu, etorkizun hurbilean, medikuntzaren arlo honetan aurrerapen berriak lortzea. Bitartean, lesio larri honen pronostikoa alda dezaketen faktore bakarrak lesionatuekiko arreta osoa eta prebentzio-kanpainak dira.
Egun honen helburua, Osakidetzaren lan-ildo estrategikoekin bat, gizartea bizkarrezur-muineko lesioaren gainean kontzientziatzea da; jakin dadila tratamendu onena prebentzioa dela, bizkarrezur-muineko lesioa jasan duten pertsonek gizartearen parte izaten jarraitzen dutela eta haien etorkizuna hobetzeko beren beharrak ezagutu behar ditugula.
Zentzu horretan, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak kanpaina honekin bat egin nahi du. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Bizkarrezur Muineko Lesionatuen Unitate bat du, Euskal Autonomia Erkidego osorako eta komunitate mugakideentzako erreferentzia dena. Diziplina anitzeko lantalde batek pazientearen tratamendu eta jarraipen osoa egiten du, eta urtero, batez beste, 50-60 paziente berri artatzen ditu.
Garrantzi handia du lesio horien berri emateak, pertsona guztiek lesio-arriskua dutela jakiteak, lesioaren ondorio larriak ezagutzeak, eta gutxieneko kontu eta zuhurtziarekin saihestu daitezkeen kasuak daudela jakiteak. Bide-hezkuntza, istripua izanez gero nola jokatu jakitea, kiroletan zenbait neurri hartzea funtsezkoak dira lesio larri horien kopurua eta ondorioak txikitzeko.