Gaur egin dute Zainketako Bikaintasunarekin Konprometitutako Euskadiko Zentroen 1. multzoko hautagaiak izendatzeko ekitaldia, eta gure ESIa aukeratuetako bat izan da, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearekin eta Goierri-Urola Garaiko ESIarekin batera. Ebidentzian oinarritutako lan-metodologia berritzaile bat ezartzeko prozesuaren beste pauso bat da. Gure helburua da erizaintzako-zainketak nabarmentzea eta erizainen taldeari hazten laguntzea, pazientea balioztatzen duten jardunbideak irakatsiz.

Jardunbide egokiak ezartzeko metodologia estandarizatu horri esker, gainera, ebidentzian oinarritutako zainketak ezartzeko estrategia erabiltzen duten beste zentro batzuen esperientziatik ikas dezakegu.

Zorionak pauso hau ematea ahalbidetu duzuen guztioi. Ez da pauso hutsa, ezta anekdota hutsa ere. Gure lanean eragina izango du, hobetu eta ikusgarri egingo baitu. Ez dugu zainketak ikusezinak izatea nahi. Aitzitik, osasunean duten eragina ikustea nahi dugu. Horretan ari gara!

Fernando Ramos
Hezkuntza-prozesuen, Garapen Profesionalaren eta Ikerketaren ondokoa

Euskadik erizaintzako zainketen jardunbide egokien “BPSO” nazioarteko programaren eskualdeko zentro koordinatzaile izateko aukera du

Euskadi erizaintzako zainketen jardunbide egokien “BPSO” (Best Practices Spotlight Organizations) nazioarteko programa entzutetsuaren eskualdeko zentro koordinatzaile izateko aukera duen hiru autonomia-erkidegoetako bat da.

Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izan da, gaur, Bilbon, “host” autonomiko hori eratzeko hautagaiak izendatzeko ekitaldiko buru; guztira Osakidetzako hamaika osasun-erakunde lehiatuko dira.

Euskal osasun publikoak lankidetzan ziharduen, aurretik ere, nazioarteko programa horretan, baina orain beste urrats bat gehiago emango du bere inplikazioan; izan ere, BPSO programaren barruan ekimen aitzindari horren buru izateko eskatu da. Estatuan Asturias eta Balearrak baino ez dira lehiatuko.

Jon Darpón sailburuak Osakidetzako Erizaintzako profesionalen aurrean nabarmendu duenez, Euskaditik programa koordinatzeko aukeraren bidez, “gure erakundeetara zabaldu ahalko da eta zentroen sarea ehundu ahalko da, zainketen bikaintasunean sakontzeko. Betiere, unibertsaltasunaren eta ekitatearen printzipioei jarraikiz eta programaren hiru oinarrien arabera: ezagutza zientifikoa, profesionalen artean ezartzea eta pazienteetan izandako emaitzak ebaluatzea”, esan du.

Osasun sailburuak eskerrak eman dizkie Osakidetzako erizainei, programa honetan izan duten inplikazioagatik eta “berrikuntzarekin eta osasun-sistemarekin” duten konpromisoagatik, “baina, batez ere, pazienteekin eta euskal gizartearekin” duten konpromisoagatik. Aldi berean, berriz ere aldarrikatu du Erizaintzak osasun-sisteman eta osasun-sistemarako duen ezinbesteko lana, eta erizaintzak merezi duen protagonismoa izateko Osasun Saila egiten ari den lana aipatu du; horretarako, erizaintzako rol berriak eta erizaintzako zainketen praktika hobetzeko estrategiak ezartzen ari da.