Anestesia eta Bizkorketako Zerbitzuak azterketa bat gidatu du kalkulagailu birtual bat diseinatzeko eta baliozkotzeko, zeina gai baita COVID-19arekin ospitaleratuta dauden pazienteen arriskua aurreikusteko. Azterketak Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolaren laguntza izan du, eta berriki argitaratu dute osorik Gaceta Médica de Bilbao aldizkari zientifikoan –Espainiako aldizkari zientifiko-medikoen dekanoa eta Akademiaren adierazpen-organoa–.
Aurreko helburu horretarako, azterketak kalkulagailu digital baten erabilera baliozkotzen du. Alberto Martínez Ruiz, María Hernández, Chus Maroño, Ane Guereca, Carmen Ruano eta Unai Olabarrieta doktoreek garatua da gailu hori. Aplikazio digital berri hori eskuragarri eta irekirik dago deskargatzeko –hasiera batean Android plataformetan–, https://covid-cruces.web.app helbide elektronikoaren bidez.
Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako Anestesia Ataleko presidente eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anestesia eta Bizkorketako zerbitzuburu Martínez Ruiz doktoreak nabarmendu duenez, «aurrerapen handia da aurreikuspen-modeloak baliatzen hastea asistentzia sanitarioan, haiei esker identifikatu egin baitaitezke zainketa kritikoak edo berehala esku hartzea eskatzen duten arrisku handiko pazienteak, eta horrek eragin positiboa izan dezake pazienteen pronostiko klinikoan».
Arriskuaren estratifikazioaren bidez, espezialistek hiru arrisku-maila bereiz ditzakete: txikia, ertaina eta handia. Kalkulagailu birtuala aplikatu ondoren arrisku txikia eta ertaina duten pazienteak ospitalizazioko solairuko asistentziara bideratzen dira, eta arrisku handiko emaitza duten pazienteak, berriz, kritikoen unitatera.
Martínez Ruiz doktoreak zehaztu duenez, «modelo horrek 15 aldagai biltzen ditu, datu epidemiologikoak (adina), aurrekari klinikoak eta datu analitikoak barne. Horietako bat ere ez dago klinikoaren subjektibotasunaren mende, eta erraz zehaztu daitezke edozein ospitale-ingurunetan».
Modeloak, orobat, txertatutako, txertatu gabeko edo txertaketa osatu gabeko pazienteen arteko aldea jasotzen du. Era berean, beste aldagai batzuk ere hartzen ditu kontuan, hala nola komorbilitateak, arteria-presioaren maila, obesitate-maila, immunodeprimitua den ala ez, arnas maiztasuna, oxigeno-saturazioa, kontzientzia-maila, azterketa erradiologikoak eta alderdi analitikoak –globulu zuriak, plaketak, urea, dimeroak eta proteina C-erreaktiboak, kasu–».
«Pandemia-egoeran gaudela ikusita, iruditu zitzaigun beharrezkoa dela gertuko modelo bat izatea, arrisku handikotzat identifikatutako pazienteen kasuan bizkor erantzuteko eta, aldi berean, informazio osagarria sortzeko, asetasun-arriskuan dauden osasun-sistemako asistentzia-maila guztiei baliabide gehigarriak emateko», azaldu du Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako Anestesia Ataleko presidenteak.
Nazioartean COVID-19ari buruz argitaratutako aurreikuspen-modeloen ebaluazio kritikoak «gabezia handiak ez ezik okerrak izateko arrisku handia ere erakutsi du. Beste herrialde batzuetako modeloak baliozkotzen saiatzen gara, baina ezin izan dira baliozkotu gure paziente-laginean».
Hori horrela, «aurreikuspen-eredu sendo eta erraz bat garatu dugu, egunero erraz eta azkar aplika daitekeena Euskal Autonomia Erkidegoko edo gure inguruko edozein ospitaletako zeinahi ospitalizazioko solairutan, edozein neurritakoak direla ere, eta horrek gida dezake zainketen premia eta ospitale batetik bestera eramateko beharra. Horrek erraztu egiten du osasun-sistemako zentroen arteko sare-lana. Modeloa ondo kalibratuta dago, diskriminazio ona eskaintzen du eta kanpoko hainbat asistentzia-eremutan baliozkotu dute», ondorioztatu du espezialistak.