Genero eta Osasuna taldearen artikuloa

Erabat desagertzen dira indarkeria matxistagatik eraildako emakumeak. Gaur arte, Estatuan 35 emakume hil dira beren bikotekideen edo bikotekide ohien eskutan. Haien ahotsak, barreak, ametsak eta ilusioak ezabatu dira. Seme-alabak gabezia horrekin eta beldurraren itzalarekin hazten dira, kontaezina den zauriarekin, alegia.

Eusko Jaurlaritzak duela astebete emandako datuak izugarriak dira. Euskadin bizi diren emakumeen % 57k nolabaiteko sexu-jazarpena edo errepikatu den jazarpenen bat jasan du noizbait bikote barruan edo bikotetik kanpo. Kopuru hori Euskadin bizi diren emakume-kopurura estrapolatzen badugu, emaitza da 495.397 emakumek jasan dutela. Zenbaki horiekin hitzak sobera daude.

Mariana Enríquezek idatzitako Cómo desaparecer completamente eleberrian, indarkeriak etxe osoa hartzen du, hitzen eta isiltasunen bidez. Adin txikiko semeaz eta agian beste batzuez ere abusatzen duen gizonak eta amari tratu txarrak ematen dizkionak, jo ez ezik, bere presentzia hutsagatik suntsitu ere egiten du. Haien arteko loturak txikitzen ditu, eta familiak abandonuak eragindako zigorra jasan behar izaten du. Eta beste heriotza-mota bat da hori.

Mariana Enríquezek Matíasen bizitzan sartzen den indarkeria erakusten du, umetatik gizon biolento baten erasoak markatuta bizi baita. Indarkeria horrek ez ditu soilik gorputzak kolpatzen. Ahotsak isilarazten ditu, indarkeria jasaten dutenak ikusezin bihurtzen ditu, eta desagerrarazten ditu, bai emozionalki, bai sozialki, bai oro har bizitzak barne hatzen dituen esparruetatik.

Andrea Bajaniren L’anniversario eleberrian, zeinak Italiako Strega 2025 saria jaso baitzuen, semeak ere dauka narratibaren ahotsa, ama bezala biktima baita; hala, bere istorioa berreraikitzen da bere haurtzaroaren eta iragandako bizitzaren gaineko begirada oinarri hartuta.

Istorio horrek osagai kolektiboa ere dauka; izan ere, indarkeria, sumisioa eta gizonezkoen nagusitasuna isilik mantentzen dituzten milioika familiei buruz ari da. Familia-sistema patriarkalaren aurkako eleberri kritikoa da.

Hala ere, leku ospelean, zatituan edo ikusezinean uzten du ama ia beti. Ama isiltasunean geratzen da eta ezin dezakegu sumatu nor den emakumea, oinazeaz haratago. Ez du bere barne-borroka erakusten, ezta bizirik irauteko garatu izan dituen (edo garatu ez dituen) mekanismoak ere. Ez dugu ezagutuko ere.

Hala, protagonistak, familia guztiarekin hausten dituenean loturak, erasotzailearen toki berean sartzen du ama, errukirik eta gupidarik gabe Askapen-historia dirudi (protagonistaren kasuan), baina ama berriz ere geratuko da isilean, eta ez dago jakiterik koldarkeriagatik (hori sumatzen da) edo gainbehera psikikoagatik ote den. Orain, narratzailearen ahotsak isilarazten du eta etxean entzerratuta jarraitzen du, erasotzailearekin. Horiek horrela, testu askotan ez zaie emakume horiei “existitzen” uzten, eta hori tratu txar narratiboaren forma bat da. Literaturaren bidez gizonek emakumeen aurka eragindako indarkeria salatzen denean ere, nolabait kopiatu daiteke botere-esparrua.

Azaroaren 25ean, emakume guzti horiek oroitu nahi ditugu, bai hil zituztenak, bai indarkeria matxistak markatutako bizitzak bizitzen jarraitu dutenak. Beren duintasunaren aztarna da morea, tematzen duen memoria, beste emakume bat berriro ezabatzen ez uzteko promesa. Urtero oroitzen den eguna da, eta helburua da mundu osoan egiten den emakumeen aurkako indarkeria salatzea eta hura desagerrarazteko politikak eskatzea. 

Marga Sáenz. Generoa eta osasuna

Noticia anteriorSimulazio klinikoa izan dute aztergai Izpiak zikloko saio berrian
Noticia siguienteArrakastatsua izan da Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egin den Endokrinologia eta Nutrizioaren gaineko Eguneraketari buruzko I. jardunaldia