Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIak abian jarri duen kanpaina hori osasun-profesionalei zuzenduta dago. Proiektuak gaixotasun onkologikorik ez duten baina zainketa aringarriak behar dituzten pertsonak ondo identifikatzen laguntzeko helburua du, baita horri lotutako hizkera bateratzekoa ere. Osasun-profesionalak eragile garrantzitsuak dira paziente horiek identifikatzeko eta gauzatu beharreko jarduketak era egokian aktibatzeko unean.
Osakidetzako Zainketa Aringarrien Planaren estrategiarekin bat egin eta ESIko Integrazio Zuzendaritzak zuzentzen duen proiektu honen asmoa da profesionalek ikastea gaixotasun onkologikorik izan gabe zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak ondo identifikatzeak dituen abantailak. Hiru helburu nagusi ditu: arreta mailen arteko koordinazioa hobetzea, NECPAL tresna (zainketa aringarriak behar dituen pazientea identifikatzeko galdetegia) hobeto ezagutzea eta pazientearen eta bere senideen arreta hobetzea.
Hainbat zerbitzuk parte hartu dute proiektuan: Etxez Etxeko Ospitaleratze Zerbitzua, Pneumologia, Neurologia eta Lehen Mailako Arretako eta Familia Medikuntzako Erizaintza-unitateak. Gainera, berrikuntza-taldearen laguntza izan dute, eta Design Thinking metodologia erabili dute. Aldez aurretik, Integrasarearen (sare korporatiboa) esparruan hausnarketa-lana egin zen beste osasun-erakunde batzuekin batera, eta ikusi zen zainketa aringarriekin loturiko hizkera eta artatzea ez zeudela bateratuta, eta paziente bat zainketa aringarriak behar dituen pertsona bezala identifikatzeko mito eta oztopoak zeudela.
Proiektua ezagutzera emateko eta laguntza-praktikan errealitate bihur dadin, «Zainketa aringarriak: ez du ez kontraindikatzen ezta mugatzen ere» izeneko komunikazio-kanpaina egiten ari gara, eta tresnen kitak, sentsibilizazio-bideo bat eta NECPAL tresna erabiltzeko prestakuntza-ekintzak egin dira.