Kursaal Jauregian izan da ICIC19 San Sebastián-Basque Country Arreta Integratuaren Nazioarteko Konferentzia irekitzeko ekitaldia. Kongresuaren izenburua “Kultura partekatu bat aldaketaren alde: pertsonetan oinarritutako zerbitzu integratuen ereduak ebaluatzen eta ezartzen” da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia-San Sebastiángo Udalak bultzatu dute, International Foundation for Integrated Care (IFIC) erakundearekin batera. Nekane Murga Osasun sailburuak “norabide horretan aurrera elkarrekin egiteko” beharra nabarmendu du, egungo erronka nagusi batzuei erantzuteko, besteak beste, biztanleen zahartzeari, kronikotasunari eta mendekotasunari.

Ekitaldia, zalantzarik gabe, aukera ona da, euskal erakundeek nazioarteko eragileekin azken urteotan Euskadin garatutako asistentzia-koordinaziorako eredua partekatzeko. Gaurtik asteazkenera arte, lehen mailako mila adituk baino gehiagok parte hartuko dute topaketa horretan, arreta integratuaren inguruko ezagutza partekatu eta sortzeko, Osasun Sailaren ardatz estrategiko nagusietako bat dela aintzat hartuta. Konferentzia osasun-arloko eta gizarte-zerbitzuetako kudeatzaileei, profesionalei, pazienteei eta erabiltzaileei, hirugarren sektoreko erakundeei eta ikertzaileei zuzentzen zaie. Osasun sailburuak espero du bertako ekarpenek Euskadin ezarritako eredua hobetzen jarraitzen laguntzea, asistentzia-prozesuari erantzun globalagoa eskaintzea bilatzen baitu.

Sailburuak osasun-arreta integratuak pertsonen osasunean eta osasun-sistemaren jasangarritasunean dituen onurak nabarmendu ditu. Horrela, Euskadin lehen mailako arretaren eta ospitaleko arretaren arteko banaketa gainditzeko hasi duen bidea defendatu du, pertsona osasun-sistemaren ekintzaren erdigune izateko. Sailburuak esan duenaren arabera, eredu horrek bilatzen du osasun-zaintzak “hain zatikatuta ez egotea, koherentzia, jarraitutasun, efizientzia eta, azken batean, kalitate handiagoa izatea”.

ICIC19 Kongresua eta edukia

ICIC19 Kongresua arreta integratuko nazioarteko konferentzia nagusia da, eta urtero egiten da, Europako hiri batean.

Edizio hau Donostia-San Sebastiánen izango da eta, bertan, goi-mailako hizlariak izango dira, 1.100 aditu baino gehiago. Honako hauek nabarmendu behar dira: Henry Mintzberg, irakaslea eta erakunde-teoriari buruzko hainbat libururen egilea (AEB); Michael Marmot, Osasunerako eta Gizarterako Nazioarteko Zentroko zuzendaria (Erresuma Batua); Stephen Shortell, Berkeleyko Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolako irakaslea (AEB); Mª Ángeles Durán, Espainiako Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CISC) Soziologiako irakaslea; eta Julio Mayol, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Kirurgiako irakaslea eta San Carlosko Osasuneko Ikerketa Institutuko Berrikuntza Unitateko zuzendaria.

Osakidetzaren beste parte-hartzaile batzuen artean, Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIk kongresuko mahai-inguru batean parte hartuko du, Berrikuntza eta Kalitateko zuzendariorde Inés Gallegoren bitartez; Etxez Etxeko Ospitaleratze Zerbitzuak, berriz, zainketa aringarriei buruzko jakinarazpen bat egingo du; eta Larrialdi Zerbitzuak, bere aldetik, adinekoen egoitzei eta kirurgia handi anbulatorioko Kirubide proiektuari buruzko poster bana defendatuko du.

Zer da arreta integratua?

Arreta integratua lehen mailako arreta eta ospitale-arreta fusionatzen dituen sistema da, eta gizarte-zerbitzuen eremuarekin koordinatzen da, pertsonei arreta etengabea eta koherentea emateko.

Euskadiko egungo osasun-mapak 14 Erakunde Sanitario Integratu (ESI) ditu eta, horietan, arreta pertsonaren inguruan antolatzen da, asistentzia-jardueraren zentroa baita. Eusko Jaurlaritzak sistema horren aldeko apustua egin zuen 2011n, biztanleriaren zahartzeak eragindako egoerari eta, ondorioz, horrek dakarren osasun-zaintzen beharrizan handiagoari erantzuteko.

Noticia anteriorProduktu kimikoen biltegi berria
Noticia siguiente«LEGO Serious Play-ren erraztailea» prestakuntza