Osakidetzaren 35. urteurrenaren harira antolatutako Osasungintzako Konferentzia erakunde publikoko langileei zuzenduta dago batez ere eta bertan izango da Iñigo Urkulllu lehendakaria. Urteotan guztiotan, euskal osasun-sistemak izan dituen lorpenei eta kudeaketari buruzko hausnarketa-foro gisa planteatzen da konferentzia; hala, abiapuntu gisa hartuko da orain arteko lana, bihar izan nahi dugun osasungintzaren oinarri sendoak finkatzeko, mundu zabaleko osasun-sistemek aurrez aurre dituzten erronken testuinguruan.
Euren esperientziak eta ikuspegiak azaltzen izango dira honako hauek: Josep Tabernero doktorea, Onkologia Medikoko Europako Elkartearen presidentea; Doris Grinspun doktorea, Ontarioko Erizainen Elkarte Profesionaleko zuzendari nagusia; eta Jon Azua, Osasuneko sailburu eta Osakidetzako presidente izandakoa erakundearen lehendabiziko etapan. Horiez gain, Osasuneko sailburuak eta Osakidetzaren zuzendari nagusiak ere esku hartu dute, Jon Darpónek eta M. Jesús Múgicak, alegia. Konferentzia amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esku hartuko du, Iñigo Urkulluk, osasun-sistemarekin eta bertako profesionalekin duen konpromisoa nabarmenduz.
Etorkizunerako osasungintzarako oinarrizkoak diren gaiak landuko dira, hala nola sistema gero eta garestiagoak modu efizientean kudeatzea; horri lotuta, beharrezkoa da honako hauekin lotutako erronkei erantzutea: iraunkortasuna etengabeko berrikuntzaren testuinguruan, gero eta zehatzagoa den medikuntzari bide egingo dioten teknologia berriak sartzea, eta euskal herritarrak zahartzearen ondorioz sortuko diren behar sozialak eta asistentzialak ugaritzea.
Osasun-konferentzian, halaber, osasungintzako profesionalek egin beharreko lana ere errepasatuko da, funtzio eta diziplina anitzeko taldeek pazientearen arreta modu kolaboratiboan ematearekin lotuta. Erizainek egin beharreko lana ere aztertuko da, profesionalen gaitasunek asistentzia-prozesuari ahalik eta balio handiena eman diezaioten.
Mesedez, jakinarazi bertaratuko zaren, formularioa betez eta osakidetza35urte@osakidetza.eus helbidera bidaliz.
Informazio gehiago, hemen: 94 500 60 21