Ekainaren 28an, siringomieliari eta Chiari-ren anomaliari buruzko konferentzia neurologikoa egin zen, BioCruces Bizkaiak antolatuta.

Konferentzian hiru hitzaldi eman ziren, eta hizlariak honako hauek izan ziren: Juan José Zarranz Imirizaldu doktorea, BioCruceseko Neurodegenerazioaren epigenomika taldeko koordinatzailea eta EHUko irakasle emeritua, «Klinika eta korrelazio kliniko-patologikoak» izeneko hitzaldiarekin; R. Villoria doktorea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erradiologia Zerbitzukoa, «Neuroirudi bidezko diagnostikoa» hitzaldia eman zuena; eta J. Altamirano doktorea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurokirurgia Zerbitzukoa, «Tratamendu neurokirurgikoa» hitzaldiarekin.

Chiari-ren malformazioa da siringomieliaren eta siringobulbiaren kausa nagusia. Normalean diziplina anitzeko ikuspegi batetik heldu behar zaie arazo hauei, eta diagnostikoan eta tratamenduan klinikoek, neurologoek eta neuropediatrek, erradiologoek (nagusiki, neuroerradiologoek) eta neurokirurgialariek esku hartu behar dute. Bileraren helburua patologia honi buruzko ezagutzak eguneratzea zen, garaiz diagnostikatzen bada emaitza onak lor baitaitezke kirurgiarekin.