Krisi-testuinguru honetan, Berrikuntzako Zuzendariordetzan ere pentsatzen hasi ginen nola bidera genitzakeen gure esfortzuak, esperientzia eta harremanak konponbideen bila.
Berrikuntza Unitatean ibilbide luzea dugu 3D inprimaketan, eta erreferenteak gara estatuan. Hori dela eta, lotura handia dugu fabrikazio gehigarriaren esparruko enpresekin eta Osakidetzako zein estatuko ospitaleekin. Izan ere, EECESI/IISBCB taldeko buru gara eHealth-eko ITEMASen barruan. Halaber, osasun-produktu (Mizar) eta inprimagailuen enpresekin. Eta inguru horretan mugimendu bat aktibatzen hasia zen jadanik.

Aldi berean, prentsan irakurri ahal izan dugun bezala, Maker komunitatearen inguruan (COVID Euskadi) (2020/03/21) mugimendu solidario bat sortu da, eta etxetik babesak (maskarak) inprimatzen hasi dira. Horrez gain, elkartasunetik ekimen ugari sortu dira laguntza emateko asmoz.

Guk beti pentsatu izan dugu 3D inprimatzeak zentzua duela bereziki pertsonalizatzeko eta/edo baliozkotu beharreko prototipoak diseinatzeko, gerora seriean ekoizteko balio izango dutenak. Hau da, ulertzen genuen etxeko inprimatzetik tirada luzeetan ekoiztera pasatu behar genuela, prozesua industrializatuz. Azken batean, uste genuen egokiena zela plastiko-injekzio bidez fabrikatzeko molde bat egitea.

Halaber, garrantzitsua iruditzen zitzaigun profesionalek balioztatutako eta Medikuntza Prebentiboak nahiz Lan Osasunak kontrastatutako dispositibo bakarra lortzea, alegia, fabrikazio estandarizatura iristea, kalitate-bermeekin, baita krisi-une hauetan ere, arrazoi handiagoz.

Krisi-garai akutuetan tarteko urratsak daude, gure ustez beharrezkoak direnak, eta lan hori ikusgarria izan da. Makersek prozesu guztia arintzen lagundu diguten prototipoak mobilizatu eta sortu dituzte. Horretaz gain, TKNIKA eta BIOEF, aldi berean, 3D inpresioko prototipo bat balioztatzen ari ziren Urdulizko Ospitaleko profesionalekin batera.

Hausnarketa horretan geundela, uste genuen Euskadin automobilgintzako enpresa hain indartsuak izanik, ezin zela hain zaila izan gurekin bat egin nahiko zuen norbaitekin harremanetan jartzea. Harrezkero, gizartearen babes orokorra sumatzen ari ginen, mezu eta txaloei esker.

EECESIak harreman handiak ditu osasun arloarekin zerikusirik ez duten sektore askorekin. Gure Gizarte Erantzukizunaren estrategiak, eta batez ere gure berrikuntza-estrategiak, beti bideratu gaitu ko-sorkuntzan aurrera egitera eta gure eraldaketa-estrategian aurrera egiten lagunduko diguten konexio ez-probableak sortzera. Ez genekien estrategia horrek asko lagunduko zigunik “muturreko eraldaketa edo larrialdi erradikala” gertatzen ari zen une honetan. Berrikuntzaren ustekabeko konexio horietako bat funtsezkoa izan da une honetan. MAIER-en kasua da.

Gu MAIERrekin elkarlanean aritu ginen bere garaian, OnkoPediatrian medikaziorako karkasa-diseinu bat proiektatzeko. MAIERrek, MCC taldeko kooperatiba-sozietate gisa, ikuspegi sozial sendoa du, eta bere jardueraren zati bat proiektu solidarioetara bideratu ohi du.

Martxoaren 22an, igandea, goizeko 12etan, batzen gintuen harreman horretaz baliatuz, beraiekin jarri ginen harremanetan. Batera hausnartzera gonbidatu genituen, bai eta gurekin bat egin eta taldean lan egiteko aukera baloratzera ere.

Ordu erdi pasa aurretik, MAIERren baiezko erantzuna genuen jada, gogoz beterik. 22: 00etan planifikatuta zeukaten prozesu osoa, materialaren hornikuntza, diseinurako eta produkziorako antolaketa, modu erabat altruistan eta desinteresatuan. Ikusgarria, kooperatiba honen erantzuna eta talde-lanerako sena; Osakidetzako profesionalentzat sostengu eta babes hitzak baino ez ditu izan.

Beraz, Maierrek oso prototipo aurreratu baten gainean lan egiten zuen, ñabardura batzuk eransteko eta, batez ere, hura fabrikatzeko moldea egin ahal izateko. Proiektuan, gainera, Walter Pack Group enpresa ere sartu zen, automobilgintzaren sektorekoa, eta Gernikako Transportes Carmelo, biserak Osakidetzako biltegietara banatzen dituena.

Astelehenetik aurrera, fabrikazio-prozesuaren xehetasunak eta materialen proba bateratuak doitzeko lanean aritu gara, hauen guztien laguntzarekin: Lan Osasuna (Iñaki Galindez), Medikuntza Prebentiboa (Margarita Viciola), Erizaintzako Zuzendariordetza (Verónica Ruiz), Ekonomiako Zuzendariordetza (Teresa Acaiturri), OII Biocruces Bizkaia (Eunate Arana Zientifiko proiektuen Koordinatzailea), EECESI/OII Biocruces Bizkaia Berrikuntzako Unitatea (Rubén García) eta Berrikuntza eta Kalitateko Zuzendariordetza (Inés Gallego). Baita,noski, BIOEF, MAIER, TKNIKA, COVID Euskadi, Walter Pack Group eta Transportes Carmelo elkarte eta enpresek osatzen duten taldea ere.

Martxoaren 28an, larunbata, lehenengo biserak jaso genituen, errekorreko denboran egindako lana. Astebeteren buruan, euskal gizarteko hainbat eragile ados jarri dira ekoizpen lerro bat sortzeko. Osasunaren, Hezkuntzaren eta euskal industria-ehunaren arteko lankidetzaren adibidea, osasun-sistemaren berehalako premia bati egokitzeko eta erantzuteko gai izan dena.
Eskerrik asko denoi

Noticia anteriorCOVID19 dela-eta ospitaleratutako pazienteentzako sostengu-gutunak
Noticia siguienteIbilgailuak aparkatzeko gune bereziak langileentzat Datorren larunbatetik aurrera, apirilak 11