Pasa den apirilaren 26an Osakidetzaren sare osoan “Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea” ezarri izanak aukera eman du lau hilean arrisku-egoeran dauden 300 pertsona baino gehiago detektatzeko eta haiei arreta emateko. Datu horien berri gaur eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, datorren irailaren 10ean Suizidioa Prebenitzeko Mundu Eguna ospatuko dela kontuan hartuta.

CISRren ezarpena Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategian aurreikusitako neurrietako bat da; estrategia 2019an jarri zen abian, suizidioaren intzidentzia eta nagusitasuna murrizteko, kontuan hartuta mundu-mailan osasun publikoko arazo nagusietako bat dela eta Eusko Jaurlaritzaren agendan lehentasunezkoa dela. Kalkulatzen da planeta osoan 40 segundorik behin pertsona batek bizitza kentzen duela; Espainiako Estatuan, egunean 10 suizidio daude, batez beste, eta, Euskadin, bi egunik behin, autoeragindako heriotza bat erregistratzen da. Honako hau da Euskadin suizidioek azken bi hamarkadotan duten bilakaera:

2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012
148 184 145 162 180 180 167 186 178 180

 

2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004 2003 2002
172 131 166 171 178 148 171 171 161 187

Iturria: Eustat.

Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren esparruan, nahiz eta COVID19aren pandemiak zailtasunak eragin dituen, Euskadiko erakundeek koordinatuta eta zeharka jardun dute lanean jokabide suizidaren prebentzioan, detekzioan eta postbentzioan eragina izateko gaitasuna duten eremu sektorialetan eta administrazio-mailetan.

Ez soilik osasun-eremuan; hartan, CISRren ezarpenaz gainera, beste aurrerapen batzuk ere izan dira, hala nola Osasun Kontseiluak prebentzio-lanean izan duen inplikazioa, Osakidetzako Larrialdiek bideratutako pertsonei 024 telefonoaren bidez emandako asistentzia, Lehen Mailako Arretako Pediatriak nerabeetan depresioa prebenitzeko eginiko baheketaren ezarpena edo pazientearen segurtasun-estrategian suizidioaren prebentzioa sartu izana.

Ingurune komunitarioan ere urratsak eman dira, eta arreta berezia eskaini zaio hezkuntza-eremuari; hartan, datorren astean, Hezkuntza eta Osasun sailek ikastetxeetan arrisku-kasuak antzemateko prestatu duten protokolo berria aurkeztuko dute.

Estrategian aurreikusi den beste jarduketa-ildoetako bat da Osakidetzak aurrez aurreko eta online prestakuntza-ikastaroak abian jartzeko aukera eman duena; ikastaro horiek osasun-arloko langileei eta osasun-arloaz bestelakoei, herritar orori eta kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboei zuzentzen zaizkie.

Era berean, Euskadiko erakundeek bizirik irten direnen elkarteei babesa eta laguntza emateko ekintzak garatu dituzte, elkarte horien eginkizuna ezinbestekoa baita eremu horretan.

Suizidioaren prebentzioa Euskadiko osasun mentaleko estrategia berrian aurreikusten den lehentasunezko arloetako bat da; estrategia prestatzeko lanean ari da Osasun Saila, Euskadiko Osasun Mentaleko Aholku Batzordearen aholku-lanarekin.

Suizidioa prebenitzeko eta osasun mentala zaintzeko informazio eta jarraibide gehiago Osakidetzaren Osasun Eskolan