Berrikuntzak egiteko, ezinbestekoa da adi begiratzea inguruan gertatzen ari denari. Kutxa ireki, eta konexioak sortu behar dira erakundearen premien eta haren profesionalen artean. Hainbat tresna ditugu erne eta irekita egoten laguntzen digutenak, hala nola #Berripills-ak, Gosari Teknologikoak eta sormen-tailerrak.

Gure erakundean, tresna berri bat dauka berrikuntzak kudeatzen dituen arloak: zaintza teknologikoko eta adimen lehiakorreko sistema bat; hau da, munduan zer gertatzen ari den ikusteko behatoki bat. Era berean, informazio hori azter daiteke haren bidez, eta erabilera edo balio bat eman, bai eta ezagutza hori gizarteratu ere.

Azken batean, inspirazio-iturri bat eskaini nahi da, sor daitezkeen ideia berritzaileentzat.

Horretarako, #BerriNews buletina jarri dugu abian. Hilean behin informazioa ematen du, aurrez aztertu eta egituratua, berrikuntza-ildoen arabera. Gure asmoa da erakundearen eraldaketara bideratutako ideiak eta proiektu berriak sortzeko baliagarria izatea.

#Berrinews buletinean hainbat gai jorratzen dira: telemedikuntzan oinarritutako laguntza-eredu berriak, droneak, adimen artifiziala edo iragarpen-sistemak, humanizazioa, segurtasun klinikoa, etab. Helburua da baliagarriak izatea egungo egoerari edo laguntza-eredu berri bati erantzungo dioten proiektu berriei buruz hausnartzeko. Krisi-ingurune batean zer behar sortzen diren eta horiei aurre egiteko zer eredu edo tresna erabil genitzakeen pentsatzea.

Zaintza teknologikoko sistema hau baliagarria da gure gizartearen orainerako eta etorkizunerako konponbideen zantzu batzuk aurkitzeko. Buletinetan, informazio-pilula txikiak ere helaraziko dizkizuegu, ideia horiek nola bideratu behar diren jakiten laguntzeko eta gure berrikuntza-sistematik nola erantzun dezakegun jakiten laguntzeko.

EEG ESIaren Intranetean ikus ditzakezue buletinak.