Espainiako Azterketa Kliniko Pediatrikoen Sare berriko (RECLIP) parte dira Biocruces eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea. RECLIPen helburu nagusia biztanle pediatrikoek sendagai berritzaileak eskuratzeko behar duten denbora murriztea da, saiakuntza klinikoen zalantza eta arriskua gutxituta eta prozesuaren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatuta.
Izan ere, Medikamentuen Europako Agentziaren arabera, «Europan merkaturatzen diren sendagaien % 30ek bakarrik du baimen pediatrikoa, eta haurrentzako baimendutako farmakoen % 50 baino gutxiago aztertu da test bidez haurretan. Hori, neurri handi batean, azterketa horiek egiteko konplexutasun handiaren eta beharrezko diren bikaintasun-baldintzen ondorio da».
Sare berriak, 12 ospitalez, 19 talde klinikoz, 2 sare nazionalez eta fundazio batez osatua, haurren osasunaren espektro osoa estaltzeko beharrezko gaitasunak ez ezik, ikerketa klinikoan esperientzia zabala ere badu, eta haurren osasunean bakarrik aritzen diren profesionalak.
Bide horretan, «Sarearen barruan, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea saiakuntza kliniko pediatrikoetan zentro pediatriko gisa sailkatuta dago, saiakuntza kliniko pediatrikoetan bakarrik aritzen diren langileak eta egitura baititu (BioCruces), eta azken 4 urteotan 1 edo 2 eremu tematikotan hasitako 5 saiakuntza kliniko baititu», adierazi du Itziar Astigarraga medikuak, Pediatria Zerbitzuko buruak.
Saiakuntza kliniko pediatrikoen sarea
2011. urtetik 2016. urtera arte, sareko kideek 1.100 saiakuntza klinikotan baino gehiagotan parte hartu dute, eta horietan 8.000 paziente pediatriko baino gehiago izan dira. Saiakuntzetako % 75 industria farmazeutikoak babestu du, eta gainerako % 25a ikerketa independenteari dagokio. Tarte berean, RECLIPeko kideek behaketa bidezko 1.600 azterketatan baino gehiagotan parte hartu dute, eta 2.500 ikerketa-proiektutan baino gehiagotan.
Honako hauek dira ikertutako eremu tematiko sendoenak: alergiak, kardiologia, neonatologia, onkohematologia, hepatologia eta nutrizioa, sortzetiko metabolismoaren akatsak, zainketa intentsiboak, endokrinologia, infekzioak eta txertoak, erreumatologia, psikiatria eta neurologia. Gainerako pediatriako espezialitateez gain, horiek ere beren lekua baitute.
Sei hilabete inguruko ibilbidean, RECLIPek Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziaren, Espainiako Pediatria Elkartearen eta Industria Farmazeutikoaren Enpresa Elkarte Nazionalaren bermea eta laguntza lortu du. Gainera, Sarea Europako beste bikaintasuneko sare batzuen maila berean jarri da; hala, eskatutako baldintzak bete ditu eta enprEMAk, Medikamentuen Europako Agentziaren ikerketa kliniko pediatrikoaren sareak, emandako kategoria handiena lortu du. Horrek, zalantzarik gabe, agerian jartzen du sareak duen ahalmena , dela esparru nazionalean dela nazioartean.
2013-2020 Osasun Planaren ildoan
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta BioCruces RECLIPen barruan egotea bat dator Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Planaren estrategiarekin. Zehazki, ikerketa- eta berrikuntza-atalak sustatzeari dagokionez, osasuna eta kalitatea hobetzeko ezagutza sortzen baitute, prestakuntza, berrikuntzarako eta sormenerako espazioak eta ezagutza-sareak babestuz.