• Clara Rodríguezek, Biocruceseko Zelula Amen eta Terapia Zelularraren ikerketa-taldeko koordinatzaileak, 125.000 euroko diru-laguntza garrantzitsua lortu du gaixotasun arraro honi buruzko, osteogenesi inperfektuari buruzko, bere ikerketa-proiekturako. 
  • Osteogenesi inperfektuak, kristalezko hezurren gaixotasun gisa ezagunagoak, hezur-egitura ahultzen du, eta 15.000 pertsonatik bati eragiten dio. 
  • Ikertzaileak eta bere taldeak farmako mota baten erabilera aztertuko dute gaixotasun hori duten paziente pediatrikoetan, ordezko aukera terapeutiko eraginkor bat eskaintzeko.

Fundación Mutua Madrileñak bere Osasuneko Ikerketari Diru Laguntzen Urteko XIV. Deialdiaren saria emateko ekitaldia egin du. Diru-laguntzak, guztira, 1,7 milioi euro dira, eta Estatu osoko hainbat ikerketa-zentrotan tratamendu medikoak hobetzeko egingo diren 18 azterketa klinikoak babesteko izango dira.

Edizio honetara 140 ikerketa-proiektu baino gehiago aurkeztu dituzte. Clara Rodríguezek, Biocruces Osasun Ikerketa Institutuko Zelula Amen eta Terapia Zelularraren ikerketa-taldeko koordinatzaileak, diru-laguntza handia lortu du (126.000 €), osteogenesi inperfektua gaixotasun arraroaren (kristalezko hezurren gaixotasuna izenez ezagunagoa) ikerketa-proiekturako.

Ikertzaileak, bere taldeak eta Biodonostiako ikertzaile batek farmako mota baten erabilera aztertuko dute osteogenesi inperfektua duten paziente pediatrikoetan, ordezko aukera terapeutiko eraginkor bat eskaintzeko.

Kolagenoaren alterazioak dira osteogenesi inperfektuaren kausa. «Hezur-egitura ahultzen du gaixotasun horrek, 15.000 pertsonatik bati eragiten dio, eta heriotza ekar dezake», adierazi du Clara Rodríguez ikertzaileak. Hain zuzen ere, «paziente horien hezurrek ez dute behar besteko dentsitatea, eta horren ondorioz, etengabeko hausturak eta malformazioak dituzte, eta normala den baino garaiera txikiagoa dute, eta muturreko kasuetan, amaren umetokian bertan hasten dira hausturak».

Sari-banaketaren ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari María Aguirre eta Biocruces Osasun Ikerketa Institutuko zuzendaria egon ziren Clara Rodríguez Biocruces Institutuko ikertzailearen ondoan.

Diru-laguntzak jasoko dituzten lanak hautatzeko orduan, Fundación Mutua Madrileñako Batzorde Zientifikoaren erabakia interes zientifikoari eta eragin sozialari dagozkien irizpideetan oinarritzen da; dena den, azterketan 40 urtetik beherako ikertzaileak buru izatea ere kontuan hartzen dute, haien ibilbide profesionala bultzatzeko. 140 ikerketa-proiektu baino gehiago aurkeztu dira aurten diru-laguntzen deialdi honetara.

Noticia anterior200 langiletik gora autobabes-prestakuntzan
Noticia siguientePulunpatu aurretik… erabili burua!