Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko BioCruces Osasun Ikerketako Institutuko gaixotasun neurodegeneratiboen gaineko ikerketa-taldea Europako proiektu batean parte hartzen ari da. Zehazki, proiektu horren xedea da pazienteen eguneroko egoera fisiko eta kognitiboaren jarraipena egingo duen gailu eramangarri bat garatzea. Teknologia horren bitartez bihotzeko gaixotasunen eta gaixotasun neurologikoen arriskuak eta konplikazioak murriztu nahi dira, desgaitasun gehien eragiten dituzten patologia kronikoak diren aldetik.
Horrenbestez, gailuak –entrenatzaile pertsonal baten antzekoa, baina birtuala– laguntza emango die iktusa, parkinsona, miokardio-infartua edota bihotz-gutxiegitasuna duten pazienteei, baita zainketaren eta errehabilitazioko ariketen gaineko jarraibideak ere, bakoitzaren helburu fisiko, kognitibo eta sozialen arabera.
vCare izeneko proiektuan (Virtual Coaching Activities for Rehabilitation in Elderly-Laguntza birtualeko errehabilitazio-jarduerak pertsona adintsuentzat)–, Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Errumania, Espainia eta Italiako 13 zentrok hartzen dute parte. Horietatik lau bakarrik dira zentro klinikoak (Gurutzeta eta Italiako, Danimarkako eta Errumaniako zentro bana). Gainerakoak zentro teknologikoak dira. Arlo klinikoko teknologia-egokitzapenaren eta -transferentziaren buru izango da nazioartean Valentziako MYSPHERA enpresa, osasun-sektoreko IoT RTLS teknologietan aitzindari dena.
Guztira, 4.044.217,50 eurorekin hornitutako proiektua da, eta horietatik 245.835 euro jasoko ditu BioCruceseko gaixotasun neurodegeneratiboen taldeak dagokion zeregina 2021eko abuztuaren 31era bitartean betetzeko. Europako Batzordeko EU 2020 Horizontea ikerketa eta berrikuntzako programak lagundutako proiektua da.
Gailu mugikor eramangarri batean (telefono mugikor baten antzekoa) funtzionatuko du vCare softwareak, eta, eskumuturrekoetan edo arropetan txertatutako sentsoreen bitartez, pazienteen gaineko informazioaren jarraipena egin ahal izango da, esaterako, hauei buruzkoa: ibilera-oreka, bihotz-maiztasuna, dardara, zurruntasuna, erorikoak edo arnasketa. Klinikoak zuzenean jasoko du pazientearen egoera fisiko eta kognitiboari buruzko informazioa eta, beraz, bizkor aztertu ahal izango du. Hala, zainketa jarraitu hobea eskaini eta tratamendua etetea ekidingo du, etxean dauden pazienteetan maiz gertatzen dena.
Osasun langileek, vCare softwareari esker, bizkor, erraz eta urrunetik jakin ahal izango dute pazientea zer moduz dagoen, eta hobera egiteko eta konplikazioak ekiditeko behar dituen errehabilitazio-estrategiak eskaini ahal izango dizkiote. Adibidez, klinikoak ariketa fisiko sorta bat preskriba dezake eta, buruz, medikazioaren gaineko jarraibideak eman ditzake, edo pazientea eguneroko zereginak egitean –jatean, etxetresna elektrikoak erabiltzean edota bere burua garbitzean– zer moduz dagoen jakin dezake.
BioCruceseko gaixotasun neurodegeneratiboen gaineko ikerketa-taldeko ikerlari nagusi Juan Carlos Gomez Esteban doktorearen arabera, «vCare entrenatzaile birtual baten modukoa izango da; laguntza, aholkuak eta motibazioa emango dizkie pazienteei, ariketa eginerrazak eta pertsonalizatuak, jolasak eta atzeraelikadura-funtzioak eskainita».
Bestalde, Gomez Esteban doktorea buru den ikerketa-taldeko kide den Iñigo Gabilondo doktoreak nabarmentzen duenez, «osasun-sistemak ez du nahikoa osasun zein giza baliabide, pazienteen eguneroko jarraipena egin ahal izateko beharrezkoa den bisita-maiztasuna kontuan hartuta. Alabaina, aplikazio honi esker, klinikoak egunez egun jakingo du pazientea zer moduz dagoen eta zer-nola erantzuten dion errehabilitazioari».
«Pazientea kontrolatuago egongo da, eta errehabilitazio hobea izango du; erosoago egongo da ez baita ospitalera hainbesteko maiztasunez bertaratu beharko. Gainera, maila klinikoan analisi-tresna oso garrantzitsua izango da, informazio asko bildu ahal izango delako berehala; bestela eginda, oso zaila litzateke». Jordi Rivera MYSPHERAko datu-zientzialariaren arabera, «pertsonen osasun- eta emozio-egoeran aldaketarik dagoen hautemateko aukera eskaintzen dute vCare-n erabiltzen diren RTLS teknologiek».
LANAREN FASEAK ETA BANAKETA
BioCruceseko gaixotasun neurodegeneratiboen gaineko ikerketa-taldea parkinsonaren alorraz arduratuko da, eskarmentu handia duenez horretan. Italiako zentroak iktusa aztertuko du, Danimarkakoak bihotz-gutxiegitasuna, eta Errumaniakoak, aldiz, bihotzeko infartua.
Egun, hasierako fasean da proiektua, softwarea eta gailuak diseinatzekoan, hain zuzen. Hurrengo fasean teknologia zertu eta softwarea garatuko da. Hirugarrenean, teknologiaren proba pilotuak egingo dira egiazko pazienteetan, ospitale-eremuan. Laugarren fasean, aldiz, ingurune errealean egingo dira, etxean, eta emaitzak baliozkotuko dira.
Horren guztiaren partaide funtsezko izango da Bizkaiko Parkinson Elkartea (ASPARBI) –1994an eratutako irabazi asmorik gabeko elkartea, Parkinson-en gaixotasuna dutenek eta beren familiek gaitzaren ondorioei aurre egiteko indarrak batzeko sortutakoa–.
OSASUN ARLOKO IKERKETA ETA BERRIKUNTZA ESTRATEGIA 2020
Proiektu hau Osasun Sailaren Osasun-arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia 2020 egitasmoaren barnean dago. Estrategia horren helburua berrikuntzak garatzea da, osasun-sistemak bultzatuta eta zerbitzu berriak eskaini eta produktu berri edo hobeak sortu ahal izateko.