- Ikerketa berriaren helburua immunoterapiaren eraginkortasuna areagotzea da, tumore-zelulak antzeman eta suntsitzen dituzten zelulen bidez, pazientearen odoleko zelula ama osasuntsuen transplantearekin konbinatuz.
- Ikerketaren helburuetako bat gaixotasunaren pronostiko egokiarekin loturiko biomarkagailu berriak identifikatzea da.
- BioCruces da ikerketako buru, baina Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, Donostia Unibertsitate Ospitaleak eta Galdakao-Usansolo Ospitaleak ere esku hartuko dute. Gainera, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak eta biomaGUNE IKZ-k ere parte hartuko dute.
BioCruces Osasun Ikerketa Institutuko Francisco Borrego doktoreak koordinatzen duen Immupatologiako ikerketa-taldeak 300.000 €-ko laguntza eskuratu du ikerketa honetarako: Natural killer zelulak (NK) eta minbizia: tumore-immunoterapiaren eraginkortasuna areagotzeko metodo berrien bila. Joan den ostiralean, urriak 22, AECC Zientzia Fundazioak Minbiziaren Ikerketarako Munduko Eguna (World Cancer Research Day) ospatu zuen Madrilen, eta bertan eman zuten diru-laguntza. AECCk ematen dituen diru-laguntzek minbiziaren kalitatezko ikerketa egiteko xedea dute, pertsonen bizitza hobetuko duten emaitzak eskuratu ahal izateko. Ideia berriak bultzatzen dituzte, eta amaierako emaitzak lortu arte sustatzen dituzte proiektuak.
Ikerketa sarituaren helburua da tumore batzuen tratamenduan, beste tratamendu batzuekin konbinatuz –esaterako, aitzindari hematopoietikoen transplante (AHT) autologoa (odoleko zelula ama osasuntsuen emaile eta hartzailea pertsona bera da)–, zelula hiltzaile naturalen (NK) erabilera potentziala zehaztea adopziozko zelula-terapia gisa.
Hauxe adierazi du Francisco Borrego Rabasco doktoreak: «Tumore-zelulak antzemateko eta suntsitzeko NK zelulek duten eginkizuna erabat dokumentatua dago. Gure proiektuan zenbait minbizi mota sartzen dira; minbizi mota horiek paziente heldu eta haurrengan eragina dute eta estrategia terapeutiko bera dute: aitzindari hematopoietikoen transplante (AHT) autologoa. Amaierako emaitza faktore askoren araberakoa da; adibidez, immunitate-sistema azkar oneratzea, NK zeluletan arreta berezia jarriz».
Proiektuan, biomarkagailu berriak identifikatzeko ikerketan ere sakontzen da: «AHT autologoa egin eta hilabete batera dauden NK zelulen kopuruaren eta gaixotasunik gabe bizitzearen artean korrelazio positiboa dagoela ikusi den arren, oraindik badaude erantzunik gabeko galderak zelula horiek pazientearen sendaketan izan duten eraginaren inguruan. Gure proposamena da AHT autologoaren ostean NK zelulen gordailua leheneratzeko ikerketa egitea, gaixotasun neoplasikoaren pronostiko onarekin loturiko biomarkagailu berriak identifikatzeko helburuarekin».
Bestalde, ikerketarekin, immunoterapiaren eraginkortasuna areagotu nahi da, laborategian zelulak kultibo bidez sortuz. «NK zeluletan oinarriturik, gure proposamena da NK «memory-like» zelulak edo NK CIML zelulak («cytokine-induced memory-like») sortzeko metodo eraginkorragoak ikertzea. Zelula horiek funtzio efektoreen areagotze etengabea eta batez besteko bizitza luzeagoa dute. NK CIML zelulak laborategiko kultibo bidezko metodo tradizionalekin sortuko dira, bai eta plataforma berritzaileagoen bidez ere; esaterako, zelulak sortzeko nanopartikulen biofuntzionalizazioaren bidez», adierazi du Francisco Borrego doktoreak.
Proiektua abenduaren 1ean hasiko da, eta hiru urte iraungo du. Taldea oinarrizko ikertzaile eta ikertzaile klinikoek osatzen dute, eta AHT autologoa egiten duten hiru euskal ospitaleek parte hartzen dute: Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak, Donostia Unibertsitate Ospitaleak eta Galdakao-Usansolo Ospitaleak. Gainera, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak eta biomaGUNE IKZ-k ere parte hartuko dute.
Ildo horretatik, proiektua Osasun Sailaren estrategiaren barruan sartzen da, oro har, Eusko Jaurlaritzarenean, eta biozientzien euskal sektorea etengabe hazten ari den sektore gisa sustatzeko helburua du. Sektore hori I+G arloan oso intentsiboa da, eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza eta transbertsaltasuna funtsezkoak dira.
Horretaz gain, sektor horrek garrantzi handiko arazoentzat soluzioak eskaini nahi ditu, minbizia, esate baterako. Hain zuzen ere, arlo horretan Osasun Sailak osoko plan bat hedatzen ari da gaixoen onura lortzeko xedez.